Alokairua ordaintzeko diru laguntzak eska ditzakete gazteek Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko api. 24a, 09:41

18 eta 35 urte bitarteko gazteak aurkez daitezke deialdira, eta, guztira, 65.000 euro banatuko ditu udalak. Ekainaren 11 izango da eskaera egiteko azken eguna.

Azkoitiko Udalak 65.000 euro bideratuko ditu gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko. Dagoeneko zabalik da laguntza horiek eskatzeko epea, eta ekainaren 11ra arte izango da horretarako aukera. Udalaren helburua da 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua partzialki ordaintzen laguntzea. Horretarako, etxea errentan hartuta izan behar da edo alokairu kontratua indarrean izan datorren uztailaren 11rako. Laguntza emateko epea hamabi hilabetekoa izango da. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahalko dira onuradun, baldin eta alokairu kontratua denek sinatzen badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentea dela ulertuko da, eta kontratuaren sinatzaileen artean proportzionalki banatuko da laguntza. Iaz 27 eskaera aurkeztu ziren, eta 25 onartu zituen udalak, besteek ez zituztelako baldintzak betetzen. Guztira 56.248,95 euro banatu ziren 2017an. Deialdia 2017ko maiatzaren 2ko 82 zenbakia duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ordenantzak arautzen du, eta horren arabera banatuko dira laguntzak. Informazio gehiago, lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide