Marea Urdina zeharkaldian parte hartuko duten igerilariak eta antolatzaileak. (Ihintza Elustondo)
Marea Urdina egitasmoa sona handia hartzen ari da azken boladan, eta askok jakin ez arren, Azkoitian eta Azpeitian bizi diren lau lagunek sortutako proiektua da. Hain zuzen ere, Leire Ceciaga, Aritz Orbegozo, Pablo Dominguez eta Julen Esteban dira sustatzaileak. Marea Urdinaren helburua da autismoa duten pertsonak gizarteratzea eta gaiaren inguruan sentsibilizazioa sortzea. Horretarako, hainbat igerilarik Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatuko dute erreleboak eginez, Saturrarandik Hondarribira. Uztailaren 7an eta 8an egingo dute zeharkaldia, eta, denen artean, 64 kilometoko ibilbidea osatuko dute kirolariek.
Dagoeneko zehaztuta dago zeharkaldiko etapa bakoitza zein igerilarik egingo duten. Hain justu, lau eta zortzi lagun arteko taldeak osatu dituzte, eta haietako bakoitzak kilometro kopuru jakin bat egingo du. Parte hartuko duten igerilariak kirol horretan gutxieneko jakintza bat dutenak izango dira, segurtasuna bermatzeko. Lau etapa herrikoi ere izango dira, talde handiagoek parte hartuko dutenak. Gaur, antolatzaileak eta egitasmoan parte hartuko duten igerilariak elkartu dira Azkoitiko Elkargunean, eta zeharkaldiaren inguruko xehetasunez hitz egin dute. Ondoren, guztiek elkarrekin argazkia atera dute.