Azkoitiko EH Bilduk babesa azaldu die Errazkini eta Intxaurrandietari

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko api. 12a, 11:06

Gaur, osteguna, epailearen aurretik pasatuko dira Ainhoa Intxaurrandieta GHKo presidente ohia eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia. Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte, errauste plantaren proiektua gelditzeagatik. 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak eskatzen dizkiete. Azkoitiko EH Bilduk "erabat bidegabetzat" ditu zigor eskaera horiek: "Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzeko orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete". Azkoitiko EH Bilduk "babes osoa" azaldu die Intxaurrandietari eta Errazkini. "Ondo baino hobeto dakigu hartu zituzten erabaki politikoak hartuta gipuzkoarren interes orokorra lehenetsi zutela, haien ongizate ekonomikoa eta osasuna, hain zuzen. Konpromiso politikoarekin eta zintzotasunez jokatu zuten beti, eta jakitun ziren horrelako erabakiak hartuta elite ekonomiko boteretsuen aurka jokatzen zutela eta horrek ondorioak ekar zitzakeela, ikusten ari garen bezala". Hori horrela, azkoitiar guztiei dei egin die koalizioak igandean, apirilak 15, Azpeitiko plazan 12:30ean egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide