Inpernupeko jangela beteta, atzo eguerdian. (Juan Luis Romatet)
Asterixen eta Obelixen komikiak irakurri dituztenek ondo ezagutzen dute istorio hau: Obelix txikia zenean eltze batera erori zen, eta han zegoen edabe magikoa edan ondoren, indartsua bihurtu zen. Ezin da jakin atzo, San Telmo bigarrenean, herriko elkarte batzuetan prestatutako edabeak indar berezirik eman zien hura dastatu zutenei, baina sabela berotuta eta irribarre batekin atera ziren, horren zalantzarik ez dago. Inor ajearekin agertu bazen, indarberrituta aterako zela ere ziurra da.
Zaharrenek diote olagarro zopa ajearen aurkako edabe ezin hobea dela, eta atzo Inpernupe edota Pulpo bezalako elkarteetan zopa banatu zuten. Inpernupe elkartea 1986. urtean sortu zuten eta ordutik dute egun horretan zopa emateko ohitura. "San Telmo egunean salda banatzen dugu, eta bigarrenean olagarro zopa", adierazi dute elkarteko kideek.
Eguerdirako Erribera kalean dagoen elkarteko jangela jendez beteta zegoen, eta, jada, plater batzuk hutsik. "Hartuko nuke beste platerkada bat zopa", zioen mahaian eserita zegoen batek. Iñigo Egigurenek eta Jesus Angel Mendizabalek prestatutako zopa gustukoa izan zuenaren seinale. "Suabea dago", zioen beste lagun batek. "Zopa suabea egiten dugu guk, ez usainarekin bakarrik atzeraka botatzen zaituena", azaldu zuen Mendizabalek. 1,3 kilo olagarro lehor eta 24 ogi barra erabili zituztela gaineratu zuen.
Inpernupetik metro gutxira dago Pulpo elkartea. Hor ere makina bat urte daramatzate olagarro zopa ematen San Telmo bigarrenean. "Zopa prest al dago?", galdetu zuen herritar batek atetik. "Oraindik ez dira 12:30ak, oraindik ez dugu aterako", erantzun zioten elkartearen barrutik. "Ohiturak dio 12:30ak arte ez dela zoparik banatuko, eta ohiturak bete egiten ditugu".
Azken urteotan bezala, Bixente Egañak prestatu du aurten Pulpo elkarteko zopa. Atzokoan hiru kilo olagarro lehor erabili zituen 120 bat litro zopa prestatzeko. "Geratuko ote den? Bai zera! Falta egingo da", zioen Egañak.
12:30ak pasatu orduko, elkartea jendez betetzen hasi zen: edadetuak, bikoteak, langileak, baita haurrak ere. Ohiturek sasoiko jarraitzen dute.