'Treblinkara azken trena' antzezlana ikusi ahal izango da apirilaren 7an Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 30a, 11:36

Jose Ramon Soroiz, Eneko Sagardoy eta Mikel Laskurain dira aktoreak. Baztartxo antzokian izango da saioa, 20:00etan hasita. Max sarietarako hautagai da obra.

Laskurain eta Soroiz antzezlaneko une batean. (Vaiven) Apirilaren 7an, zapatua, Treblinkara azken trena antzezlana eskainiko du Vaiven konpainiak Baztartxo antzokian, 20:00etan hasita. Jose Ramon Soroiz da obraren protagonista, eta hainbat aktore ere izango da oholtzan, hala nola Eneko Sagardoy eta Mikel Laskurain. Mireia Gabilondok zuzendutako lanean hamar aktorek parte hartzen dute guztira. Antzezlana Treblikako kontzentrazio esparruan izandako biktimei omenaldia da, Janusz Korczaken oroimenez eginda. Izan ere, Korczak Varsoviako umezurztegi judu bateko medikua eta pedagogoa zen, eta pertsonaia hori hezurmamitzen du Jose Ramon Soroizek. Ehunka emanaldi egin dituzte Vaiven antzerki konpainiako kideek Treblinkara azken trena obrarekin. Oraintsu Madrilen izan dira bi astez, eta antzokia goraino betetzea lortu dute aktoreek. Euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzetan egiten dute obra, eta izugarrizko arrakasta izan du. Gainera, MAX sarietarako hautagai izendatu berri dute antzezlana. Orain arteko antzezlanak 19:30ean izan dira, baina apirilaren 7an umeen danborrada izango denez, ordu erdiz atzeratu dute saioa, eta 20:00etan hasiko da. Sarrerak sei euroren trukean eskuratu ahal izango dira egunean bertan, Baztartxoko leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide