Izena aldatu diote Azkoitiko Urola Lanbide Eskola BHIri

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 27a, 11:25

Iazko ekainean Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHItik bereizi zen lanbide eskola. Orain, izena aldatu diote, eta aurrerantzean Izarraitz Lanbide Heziketa izango da zentroaren izena. Izen aldaketarekin eskola Urola Erdiko "erreferentzia zentro" bilakatu nahi dute.

Izarraitz Lanbide Heziketako, Eusko Jaurlaritzako, Iraurgi Berritzeneko eta Sidenor eta Odrinox enpresetako ordezkariak. (Azkoitiko Udala)

Joan zen ekainean aro berri bat hasi zuen Azkoitiko Urola Lanbide Eskola BHIk; izan ere, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIren parte izateari laga, eta bere bidea hasi zuen Lanbide Heziketako eskolak. Bereizketaren helburua "bailarako hezkuntza mapan zentroaren izena eta izana indartzea" zirela azaldu dute hango ordezkariek, eta bide horretan, izena ere aldatu diote eskolari: aurrerantzean, Izarraitz Lanbide Heziketa deituko da. Gainera, Guztiona, guztiontzat! lelopean, irudi berria du zentroak, baita webgunea ere (www.izarraitz.eus).

Izen aldaketarekin eskola Urola Erdiko "erreferentzia zentro" bilakatu nahi dute, eta, ahal den heinean, Zumaiaraino zabaldu nahi dute haren jarduera eremua. "Izen hori aukeratu dugu, hain justu, bailara izaerari eusten diolako; hori da azpimarratu nahi duguna. Bestalde, Urola izena eskola gehiagok badarabilte, eta ezberdintzeko balioko digu", azaldu du Eduardo Sudupe zuzendariak. Dena den, kanpora begira irudia lantzeaz gain, barruan ere eragin nahi dute. Horri lotuta, formakuntza eskaintza egokitu nahi du eskolak "egungo errealitatera eta beharretara".

Eusko Jaurlaritzarekin bilera

Gaur, asteartea, goizean, Eduardo Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendaria jaurlaritzaren Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolakuntza zuzendari Nicolas Sagarzazurekin bildu da. Gainera, bilkuran izan dira Iraurgi Berritzeneko zuzendari BegoƱa Beobide eta Sidenor zein Odrinox enpresetako Cruz Alberdi eta Edurne Odriozola. Hain zuzen ere, Enpresa Guneanen izenean joan dira bilkurara Alberdi eta Odriozola. Bilera horretan bailara ikuspegitik formakuntza eskaintzaren egokitzapenaz aritu dira hizketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide