Xabier Arzalluzi buruzko dokumentala aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 26a, 12:55

https://www.youtube.com/watch?time_continue=74&v=QdZZhuqpFW4

Xabier Arzalluzi (Azkoitia, 1932) buruzko dokumentala aurkeztu zuten zapatuan Donostiako Antzoki Zaharrean. Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala Antiguako batzokiak sustatutako lana da, eta ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izan zen Arzalluz bera. Hark bere ibilbide politikoari zein Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat gertaerari buruzko iritziei eta ikuspuntuei ahotsa jarri die dokumentalean. Arzalluzez eta haren senideez gain, aurkezpenean izan ziren, besteak beste, instituzioetan EAJ ordezkatzen duten Joseba Egibar, Markel Olano, Eneko Goia, Arantxa Tapia, Bakartxo Tejeria eta Eider Mendoza.

Arzallusek aurkezpenean esan zuenez, politika "edozein herriren aukera handia" da: "Bere bidea egitea eta ondo egitea, eta hori da egin dudana". Eta, hain zuzen ere, politikaz hitz egiten du Arzalluzek dokumentalean, hala nola bere abertzaletasunaz, EAJz, herri eraikuntzaz, Kataluniaz, Espainiaz, EAJz eta ezker abertzaleaz, ETAz, estatu indarkeriaz, EAJren zatiketaz, EAz, Espainiako erregeaz, erabakitzeko eskubideaz, Lizarra-Garaziz eta Ibarretxeren garaiaz. Historiaren errepasoa ere egiten du Arzalluzek lanean, eta etorkizunean EAJren zeregina zein izan behar duen argi dauka: "Euskadi askatzea".

Aurkezpenean hitza hartu zuen EBBko buru izandakoak, eta hark esan zuen "beharrezkoa" dela etorkizunean EH Bildurekin eta Sortuerekin "harreman berezia" sortzea, nahiz eta oraindik ezker abertzaleak "bere bidea ez duela argi" uste duen eta hori "konpondu" beharra duela azaldu duen. "Gauza asko gaizki egin dituztela aitortu behar dute; guk ere bai, baina haiek ere bai. EAJk bere kasa eta ezker abertzaleak bere kabuz ezingo dute askatu herri hau", esan zuen Arzalluzek. Azkoitiarrak gogorarazi zuen euskal estatua sortuko duen alderdi burujabea dela EAJ, eta "esaten dutena esaten dutela ere" horri ezin zaiola uko egin uste du. "Beste gauza bat noiz eta nola; eta hori EAJk ikusi behar du".

Aurkezpena hasi aurretik Katalunian gertatutako atxiloketak eta espetxeratzeak salatu eta xingola horia jarri zuten agertokian. Gainera, EAJko bi kidek adierazpena irakurri zuten.

Hona hemen, dokumentalaren aurkezpeneko irudi bilduma (Argazkiak: EAJ Gipuzkoa):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide