Kataluniako espetxeratzeak salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 24a, 15:09

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako azken gobernuko lau kontseilari eta orduan Kataluniako Parlamenduko presidente zena espetxeratu zituen atzo. Gertakariok salatzeko elkarretaratzea deitu dute hainbat sindikatuk, alderik eta eragilek biharko. Azkoitiko plazan 12:00etan izango da kontzentrazioa.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten atzo, ostirala, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea. Epaile horrek erabaki zuen horiek denak espetxeratzea ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina atzo ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du. Eskualdeko hainbat herritan gisan, Azkoitian ere atzoko gertaerak salatzeko elkarretaratzea deitu dute. Hain zuzen ere, EH Bilduk, ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk, CNTk, Etxaldek, EHNEk eta Gure Esku Dagok deitu dute kontzentrazioa, 12:00etan, plazan, Kataluniarekin bat, demokrazia, askatasuna lelopean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide