Herri mugimenduko eragileekin batera prestatu dute egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 23a, 09:47

Zumaiako Txosnek prest dute San Telmo jaietako egitaraua. Kontzertuek ez dute hutsik egingo Arranpla parean . "Egitarau alternatiboa" egiten saiatu direla esan dute

Julen Aperribai eta Usue Altuna, txosnetako egitaraua eskuetan dutela. (Juan Luis Romatet) Aste Santua bukatzear denean, zurrunbilo batean murgilduko da Zumaia: San Telmo jaietan. Udal Kultura eta Festa Sailak une batetik bestera iragarriko du bi asteburu irauten dituen urdin koloreko jaien egitaraua. Aurretik, Zumaiako Txosnek iragarri dute festetarako prestatu duten beren egitaraua. Behin edo beste euriaren bisita izaten duten festen fama dute santelmoek, eta, justu, euripean eta hotz galantarekineman dute egitarauaren berri Zumaiako Txosnetako kide Usue Altunak eta Julen Aperribaik. Egitarauaren kartelak besapean dituztela hitz egin dute Arranpla parean, festetan txosnak kokatuko diren gunean bertan. Bi aste barru hasiko dira jaiak, baina antolaketa lanak abenduan hasi zituztela adierazi dute Zumaiako Txosnetako kideek. "Pasa den udazkenean hasi ginen kontzertuak kontratatzen, baina, bestela, abenduaren amaieran hasiko ginen elkartzen. Gauza teknikoak antolatzeko lantalde txiki bat dugu, baina, gero zabaltzen saiatzen gara, ahalik eta parte hartze handiena izateko", adierazi du Aperribaik. Parte hartze zabal hori lortzeko, "herri mugimenduko eragileen kolaborazioa" lortzen saiatzen direla gaineratu du Altunak. "Egitarau alternatibo bat osatzen saiatzen gara. Hala, Gazte Eguna Katxapero Konpartsak antolatzen du, bazkaria Presoen Lagunen esku geratzen da, kontzertuetarako musikaren inguruan aritzen direnekin kontsultatu dugu, eta abar. Gero, apirilaren 14rako Altsasukoak Aske manifestazioa deituta dago Euskal Herri mailan, eta Zumaian festetan gaudenez, herrian bertan aterako gara manifestazioan". Aurreko asteetako edo hilabeteetako antolakuntza lanetan bakarrik ez, festek iraungo duten egunetan ere, herritarrek parte hartzeko aukera zabaldu dute, txosnetan txandak eginez. "Iaztik aldatzen joan gara. Lehen txandak banatzeaz arduratzen zen talde bat genuen. Pasa den urtean, posta elektronikoko helbide bat eta telefono zenbaki bat jarri genituen jendeak izena eman zezan. Aurten, bigarren aldiz egin dugu hori, eta iaz baino jende gehiago animatu da. Horietako asko, gainera, gazteak dira, 16-18 urte ingurukoak. Hor jendearen ilusioa ikusten da, eta horrek ere guri poza ematen digu". Kontzertuak eta gehiago Festetako bi asteburuetan egongo diren kontzertuen berri eman du Zumaiako Txosnak hedabideen bidez. Hala, Anita Parker, Estricalla, Xiberoots, Gora Etorri, The Capaces, Rukula eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak iragarri dituzte. "Azken horiek bazkari herrikoiaren ondoren joko dute. Hori ere aldatzen saiatu gara. Lehen bazkaritik gaueko kontzertuetara arte ez zen gauza handirik egoten. Iaz hasi ginen beste ordu batzuetan ere ekitaldiak antolatzen. Aurten, adibidez, festetako lehen igandeko bazkalondoan ipuin kontalaria eta Lindy Hop tailerra izango dira". Aurten ere, santelmoetan txosnetan faltako ez dena Bertsio Gaua izango da. Repetizioetako ostiralean egingo dute, eta Nirvana, Delirium Tremens, Kuraia, Kaotiko, RIP eta Negu Gorriak taldeen bertsioak egingo dituzte oholtza gainera igoko diren taldeek. Gau horren arrakasta ukaezina bada ere, emakumeen eta musika taldetan jotzen ez duten pertsonen parte hartzea areagotzeko ahalegina egin behar dela onartu dute txosnetako bi kideek, "jendea konplexurik gabe oholtzara gainera igo dadin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide