Azkoitiko EH Bilduk ez du gaurko udalbatzarrean parte hartuko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 22a, 17:43

Azkoitiko Udalbatzaren otsaileko osoko bilkura. (Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udala ohiko udalbatzarra egitekoa da gaur 19:00etan, eta duela gutxi jakinarazi du Azkoitiko EH Bilduk ez duela bertan parte hartuko. "Azkoitiko Udal Gobernuaren aurreikuspen falta" izan da koalizioak osoko bilkurara ez joateko eman duen arrazoia. "Gehiengo absolutuaren atzean eserita daude, beraien erosotasunari bakarrik begiratzen diote eta komeni zaizkien aldaketak proposatzen dituzte". Azkoitiko EH Bilduk gaineratu du udal gobernuko ordezkariek "martxoaren 14an korrika eta presaka" erabaki zutela hilabete honetako egitura guztia "beraien beharren arabera aldatzea, tamalez, erabaki horiek ekartzen dituzten ondorioak kontuan hartu gabe". Azkoitiko EH Bilduren esanetan, "gobernantza eredu honek udaleko beste ordezkariei zailtasunak jartzea baino ez du lortzen". Gainera, koalizioak nabarmendu du orain dela ordu batzuk udalbatzarreko dokumentazio guztia jaso gabe zeudela oraindik, eta horrek gaiak aztertzeko "zailtasuna eta ezintasuna" ekarri diela. "Udal honetako arduradunek beste alderdioi ipintzen dizkiguten oztopo eta zailtasunak ikusita, gaur osoko bilkuran parte ez hartzea erabaki dugu. Jarrera hori aldatu ezean, hemendik aurrera gure udal jarduera nolakoa izan behar den aztertuko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide