Donostiako Antiguako batzokiak bultzatuta egin dute 'Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa' ikus-entzunezkoa eta Antzoki Zaharrean emango dute, 12:00etan.
Xabier Arzalluzek (Azkoitia, 1932) badu dokumentala. "Aurkezten dugun dokumentalak Xabier Arzalluzen pentsamendu eta ondare politikoa erakusten ditu. Bertan, Arzalluzek berak esandakoak ikusiko ditugu, ez beste batzuen iritziak". Hitz horiekin aurkezten du Donostiako Antiguako Batzokiak Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala, batzoki horrek berak sustatuta osatu duten ordubete inguruko ikus-entzunezkoa. Etzi, martxoaren 24an, emango dute estreinakoz jendaurrean; Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, 12:00etan. Arzalluz bera aurkezpenean egotea aurreikusten dute antolatzaileek.
Dokumentalaren arduradunek azaldu bezala, EAJren buruzagi ohi azkoitiarra da dokumentalean bere ibilbide politikoari zein Euskal Herriko azken 50 urteko hainbat gertaeraren gainean dituen iritziei eta ikuspuntuei ahotsa jartzen diena.