Iraurgi eta Aiztondo abesbatzek kantatuko dute bihar Azkoitiko Udaberriko Kontzertuan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 22a, 13:13

Parrokian izango da, 20:00etan. Abesbatza bakoitzak bere errepertoria eskainiko du, eta bi kantu emango dituzte elkarrekin.

Aurten ere antolatu du Iraurgi Abesbatzak Udaberriko Kontzertua, eta gonbidatuekin ariko da, gainera. Herriko abesbatzarekin batera, Astigarragako Aiztondo abesbatza ariko da kantuan bihar 20:00etatik aurrera Azkoitiko parrokian izango den kontzertuan. Aspaldi hasi zen Iraurgi abesbatza Aste Santuaren bueltan urtero kontzertua eskaintzen. Hasieran musika sakroarekin soilik osatzen zuten emanaldia, ordea, aldatu egin da azken urteetan, eta Udaberriko Kontzertua izena hartuta, askotariko abestiak entzuteko aukera izaten da orain Iraurgikoen saioan. Horren adibide da bihar parrokiara joango direnek entzun ahal izango duten errepertorioa: Benito Lertxundiren, Nacha Guevararen edota Louis Armstrongen abesti ezagunak kantatuko dituzte, baita Ratxmaninoven Ave Maria ere, eta El abanico edo Loreak udan kantuak ere bai, besteak beste. Horiek, Iraurgikoek eskainiko duten errepertorioari dagokionez; zazpi pieza prestatu dituzte biharko emanaldirako, eta horiei gehitu behar zaizkie Aiztondokoekin batera kantatuko dituzten beste bi. Aiztondokoek beren aldetik prestatu duten errepertorioarekin osatuko da kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide