Desertura bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 22a, 12:33

Darahli18 bidaia bihar abiatuko da Zumaiatik Saharako kanpalekuetara. 90 laguneko taldea joango da errefuxiatuei laguntzera. Begirale arituko dira Lazkano eta Garcia

Jone Lazkano eta Katixa Garcia, begirale lanetan arituko diren Darahliko bi kide. (Juan Luis Romatet) Bihar arratsaldean abiatuko da Zumaiatik Darahli18 bidaia. Hiru urtean behin Darahli elkarteak antolatzen duen egitasmoa da. Aurten, 90 herritarrek parte hartuko dute. Maria eta Jose ikastetxeko eta Zumaiako Institutuko 70 bat ikasle, Darahliko arduradunak eta gazteei laguntzen arituko diren hamasei begirale joango dira desertura, saharar errefuxiatuek pairatzen duten bizitza ezagutzera, eta ahalik eta laguntza gehien eskaintzera. Apirilaren 1era arteko bidaia izango da aurtengoa. Katixa Garcia eta Jone Lazkano orain dela hiru urte joan ziren saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, Darahlik 2015. urtean antolatutako bidaian. Bihar berriro joango dira Aljeriako hegoaldean, desertuan, ezerezaren erdian dauden kanpamentuetara. Aurreneko hartan, ikasle zirela joan ziren; oraingo honetan, baina, begirale gisa joango dira Darahlirekin. Begirale bakoitzak bost ikasleko taldetxo baten ardura hartuko du. Egonaldiak iraungo duen astebetean saharar familien haimetan edo etxeetan egongo dira ikasleak, baita begiraleak ere. "Plangintzan jasota dauden lanak egitera eramango ditugu ikasleak. Gero, egunaren bukaeran, familiekin elkartuko gara egunak zer eman duenaz hitz egiteko. Hala, elkar ezagutzeko aukera izango dugu", azaldu dute Garciak eta Lazkanok. Begirale gazteen lana ez da ikasleak laguntzera mugatuko, memoriaren inguruko lan baterako elkarrizketak ere egingo dituzte. "Errefuxiatuen hiru belaunaldirekin egongo gara: Mendebaldeko Saharatik ihes egin behar izan zutenak, bizitza kanpalekuetan igaro dutenak, eta etorkizuna aurretik duten gazteak". Itzultzeko gogoa Garciak eta Lazkanok desertuan izandako esperientzia ez dute sekula ahaztu. Barrenean geratu zaie han bizitakoa. "Garbi" zuten hara itzuli nahi zutela. "Gauez heldu ginen kanpalekuetara, eta ez zen ezer ikusten. Udaletxean familietan banatu gintuzten, eta etxeetara joan ginen. Hurrengo goizean, etxetik atera ginen eta berehala haurrez inguratuta geunden". Ordutik, kontaktua mantendu izan dute Saharan ezagututako familiekin. "Mezuak bidali izan dizkiegu. Erantzuten zigun neska orain Aljerian dago ikasten eta ea bera ikusteko aukera dugun egonaldian zehar". Saharar herriaz esaten den guztia egia dela diote Garciak eta Lazkanok. "Dena emateko prest daudela esaten digute, eta hala da. Joan ginenean familiari ematen zaion diruaren erdia bakarrik eman genion, bagenekien eta kopuru osoa emanda, dena gastatuko zutela guri ahalik eta harrera onena emateko. Beraientzako zerbait geratzea nahi genuen". Bigarren bidaia izango da Garciarentzat eta Lazkanorentzat, eta lehena ikasleentzat. Esperientzia bizitzea gomendatu diete. "Baliteke berriro ez bueltatzea hara, beraz, esperientzia ahalik eta gehien bizitzea gomendatzen diegu. Esaten dute bidaia ahaztezina izaten dela eta barrenean geratzen zaizula. Gu unibertsitatean gaude, Darahlin jarraitzen dugu eta bagoaz berriro. Seinale zerbait geratu zaigula".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide