(Argazkia: Hitza)
Azkoitiko Udalak martxan ditu alokairu sozialera bideratutako etxebizitzentzat diru laguntzak, bai Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko eta bai etxea berritzeko lanetarako. Diru laguntza horiek eskuratzeko derrigorrezkoa da etxebizitza Bizigune edo Asap programetan sartzea, alokairu soziala sustatzeko helburuarekin. Halaber, ezinbestekoa da alokatu nahi den etxebizitza Azkoitian kokatuta egotea. Interesa dutenek urte osoa dute eskaera aurkeztu ahal izateko.
Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari dagokionez, diru laguntza gastuen %75ekoa izango da (BEZ barne), eta gehienez, 200 eurokoa. Etxebizitzak eraberritzeko, berriz, diru laguntza obren kostuaren %50ekoa izango da (BEZa ez da kostu lagungarritzat hartuko); eta gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izango da etxebizitza Azkoitiko Alde Zaharrean kokatzen bada –alegia, monumentu multzoaren barruan–, eta 4.000 eurokoa, gune horretatik kanpo egonez gero. Hala ere, obren helburua irisgarritasuna hobetzea baldin bada, laguntzak %60 estali ahalko du, gehieneko mugak 10.000 eurokoa eta 5.000 eurokoa izanik, kokapenaren arabera.