Ingelesean eta alemanean trebatzeko hainbat jarduera egingo dituzte Gaztanenea Formakuntza Zentroan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 20a, 15:19

Hitzaldiak, ikastaroak, eta pintxo-potea antolatu dituzte. Ostiralean izango da lehen saioa: 'Inmigration in and out of Basque Country' hitzaldia emango du ingelesez Eric Goldmanek, 18:30ean.

Gaztanenea Formakuntza Zentroa. (Hitza) Azkoitiko Udaleko Hezkuntza Sailak sustatuta, atzerriko hizkuntzak praktikatzeko jarduera berriak antolatu dituzte Gaztanenea Formakuntza Zentroan. Proposamenen artean daude hitzaldiak, ikastaroak, eta pintxo-potea. Jarduera guztiak irekiak eta doakoak dira, eta jatorrizko hiztunek gidatuko dituzte. Iaz, Hizkuntza Eskola Ofizialak Azkoitian gelak zabaldu zituenean, osagarriak izan zitezkeen jarduerak antolatzea erabaki zuten udalean. "Amaieran balorazioa positiboa egin genuen, eta aurten errepikatzea erabaki dugu. Azkoitian gehiengoa euskaraz bizi da eta hori da sustatu nahi duguna, baina horrek ezin gaitu itsutu. Lan merkatuan sartzeko, hizkuntzen ezagutza eskakizun garrantzitsua da, eta horretan lagundu nahi dugu egitasmo honekin", azaldu du Marijose Arregi Euskara eta Hezkuntza zinegotziak. Egitarauari hasiera ostiral honetan emango diote, hilaren 23an: hain zuzen ere, Eric Goldman jatorrizko ingeles hiztunak Inmigration In and Out of Basque Country hitzaldia emango du, 18:30ean. Horrez gain, apirilaren 13an eta maiatzaren 18an beste bi hitzaldi izango dira ingelesez: Music and Songs from Ireland & Beyond eta The Pros and Cons of Dubbing, hurrenez hurren. Alemanezko solasaldiak, berriz, apirilaren 12an eta 26an izango dira: Typisch Österreich: Dirndl und Lederhose eta Österreich, das Land der Musik: von Waltzer bis zu Austropop. Ikastaroak Ikastaroak ere izango dira egitarauaren barruan. Apirilean, ingeleseko ikastaro bat eskainiko dute: hain zuzen ere, bidaiatzerakoan erabili ohi diren oinarrizko hitzak eta esamoldeak irakatsiko dituzte. Holiday English Course ingeleseko ikastaroa B1 eta B2 mailakoa izango da, eta apirilaren 3tik 6ra emango dute, 10:00etatik 11:30era. Martxoaren 28a da izena emateko azken eguna. Ekainean, berriz, alemaneko ikastaroa emango dute hasiberrientzat. Ikastaroak ere doakoak izango dira, baina aurrez izena eman behar da Gaztanenea Formakuntza Zentroan. Ikastaroa ekainaren 4tik 6ra bitartean izango da, 17:30etik 19:30era. Hasiberriei zuzenduta dago, eta maiatzaren 28a baino lehen eman beharko da izena. Ikastaroetan parte hartu nahi duenak, 943-54 16 50 telefonora deitu edo gaztanenea@azkoitia.eus helbidera idatzi behar du. Egitaraua osatzeko, pintxo-potea antolatu dute. Saio horietan, ingelesa praktikatzeko aukera izango da jatorrizko ingeles hiztun batek lagunduta. Apirilaren 12an, maiatzaren 10ean eta ekainaren 14an egingo dira pintxo-poteak, eta taldea Gaztanenean bilduko da, 19:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide