Sostenipe talde feministaren arabera, "aurreikuspenik onenak gainditu" ditu martxoaren 8ko grebak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 12a, 11:55

Jende ugari bildu zen martxoaren 8an Azkoitian egindako elkarretaratzean. (Ane Olaizola) Azkoitiko Sostenipe talde feministak joan den matxoaren 8ko balorazioa kaleratu du. Haren arabera, "aurreikuspenik onenak gainditu" ditu M8-ko greba feministak. "Emakumeok* planto egiteaz gain, kaleak aldarrikapenez bete ditugu", azaldu dute. Sosteniperen esanetan, ekitaldiak ez dira mugatu herriko talde feministaren egitaraura. "Emakume* multzo ezberdinek iniziatiba hartu dute, eta horrek ikaragarrizko poza eta indarra ematen digu". Taldeak nabarmendu duenez, goizean, Kultur Etxeko emakumeek* deituriko kontzentrazioan emakume* ugari bildu zen, eta Xabier Munibeko jangelako emakumeek* planto egin zuten, beraien lanaren balioa aldarrikatuz. "Adibide horiekin ikus dezakegu emakumeok* kalera irteteko, egoera salatzeko eta eskubideak aldarrikatzeko dugun beharra!", erantsi dute. Horrez gain, azpimarratu dute arratsaldean plazan deituriko kontzentrazioan azkoitiar ugarik parte hartu zuela. "Azken urteetako M8-ko kontzentraziorik jendetsuena izan da". Ondoren, kaleak girotu zituzten emakume trikitilariekin eta pintxo pote "autogestionatuarekin". Azkoitian izan den erantzunaz gain, inguruko herrietan eta hiriburuetan "ikaragarrizko mobilizazioak" izan direla nabarmendu du Sostenipek. "Aurtengo greba egunak emandakoa hasiera besterik ez da, emakumeon* borroka ez du ezerk geldituko! Gora borroka feminista! Gora munduko emakumeak*!", aldarrikatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide