2015eko urriaren 14an sartu zen polizia Aizpurutxoko eskola etxean, eta, bertan, 75 marihuana landare, 183 aldaxka eta 21 plastikozko poltsatxo aurkitu zituen. Espetxe zigorraz gain, 14.000 euroko isuna ere ezarri diote gizonari.
Azkoitiko Aizpurutxo auzoan marihuana landatzen zuen gizon bati bi urteko espetxe zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri dizkiote. 2015eko urriaren 14an sartu zen polizia Aizpurutxoko eskola etxean, eta, bertan, 75 marihuana landare, 183 aldaxka eta 21 plastikozko poltsatxo aurkitu zituen. Hori dela eta, Donostiako bigarren Zigor Auzitegiak gertaerak epaitu ditu.
Eraikinaren barruan kable baten bidez energia elektrikoa mugitzeko lotura bat egin zuen gizonezkoak, eta haizagailuekin, tenporizagailuekin eta lanpara bereziekin hazten zituen landareak. Atzemandako drogak merkatuan 7.246 euroko balioa izango luke. Atxiloketaren unean akusatuak 915 euro zituen aldean 5, 10 eta 50 euroko billeteetan banatuta.
Defentsak auzitegian onartu zuen eraikin horretan poliziak aurkitutako landareak berak landatu zituela eta kontsumo propiorako zirela, nahiz eta aurkitutako landare kopurua autokontsumorako legeztatuta dagoen kopuruaren gainetik egon. Era berean, esan zuen gainean zuen dirua berea zela, bikotekide ohiak utzitako mailegu bat, hain zuzen. Dena den, Santiago Romero Buck Arstad epaileak akusatuaren bertsioak sinesgarritasun gutxi duela azaldu du. Bestalde, 2012an osasun publikoaren aurkako delitu bat egiteagatik zigortu zuen gizona Gipuzkoako Auzitegiak, hain zuzen ere, speed droga trafikatzeagatik.
Epaileak dioenez, ezin ditu defentsaren arrazoiak onartu. Horrenbestez, gizonari bi urteko kartzelan zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri dizkio. Hori ordaindu ezean, 181 egun gehituko dizkio bere kartzela zigorrari. Sententzia ez da behin-betikoa, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Auzitegiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera izango du defentsak.