Gurasoentzat hiru hitzaldi antolatu ditu Udaberri guraso elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 3a, 20:06

Xabier Munibe Ikastolako guraso elkarteak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta antolatu dituen solasaldiak martxoan izango dira. Genero berdintasuna eta bideojokoak landuko dituzte hitzaldietan, besteak beste. Elkargunean izango dira saioak, eta ez da izena eman behar horietara joateko.

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Udaberri guraso elkarteak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurren gurasoentzat hitzaldi zikloa antolatu du. Baikararen formazio taldeko gizarte-pedagogoak eskainiko ditu hiru solasaldiak, eta martxoaren 6an, 13an eta 20an izango dira. Astearte horietan Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira saioak. Lehen bi solasaldiak, martxoaren 6koa eta 13koa, 18:00etatik 19:30era izango dira, Aniztasunetik genero berdintasunera izenburupean. Solasaldi horietan familiako ardurez eta berdintasuna sustatzeaz hitz egingo dute. Martxoaren 20ko hitzaldia, berriz, 18:00etatik 20:00etara izango da, eta bideojokoak izango ditu ardatz. Hain zuzen ere, Bideojokoak eta jokoak sarean izenburua jarri diote hitzaldiari, eta bideojokoen ezagutzaz, arriskuez eta jarri beharreko mugez ariko dira solasean. Udaberri guraso elkarteak azaldu duenez, hitzaldietako metodologia aktiboa izango da, eta helburua da esperientziak trukatzea. Guraso elkarteak herritarrei bertaratzeko deia egin die, eta gogorarazi du izena ematea ez dela beharrezkoa.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide