Metalezko instrumentuen elkargunea izango da Zumaia aurten ere

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 2a, 09:31

ZUMBrass topaketak martxoaren 16tik 18a bitartean egingo dira, eta nazioarte mailako irakasleak etorriko dira Zumaiara .Ikasleentzako izen-emate epea jada zabalik dago

Goitik behera, Joxe Mari Azkue, Silvia Merino, Jon Iraola eta Luis Orduña. (Juan Luis Romatet) Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako ikasleak bilduko dira martxoaren 16tik 18rako asteburuan Zumaian. Hiru egun horietan, metalezko instrumentuen topagunea izango da herria, Udal Musika Bandak, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatutako ZUMBrass topaketari esker. Bi urtean behin antolatutako jardunaldi honek bere bigarren ekitaldia beteko du aurten. Maila goreneko hainbat bakarlari etorriko da aurten ere ikastaroak ematera eta kontzertuetan parte hartzera. Aurrez ere egin izan dira metal topaketak Zumaian, baina antolatzaileek Ubillos jauregian egindako aurkezpenean adierazi dutenez, esperientziak ez zituen "erabat asebete". Orain bi urte beste topaketa mota bat egiteko proposamena aurkeztu zuten musika eskolak, bandak eta horren zuzendari izandako Luis Orduña musikariak. Nabarmendu dute "apustu garrantzitsua" izan zela hura. Apustua ondo atera zela ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Hala, orain bi urte egin bezala, maila goreneko irakasleak izango dira herrian: Zuricheko Arteen Unibertsitateko irakasle Fritz Damrow tronpeta jotzailea, Deutsche Oper Berlineko tronboi nagusi den Jamie Williams estatubatuarra, Bartzelonako Orkestrako tuba jotzaile Pablo M. Fernandez, eta Gasteizko Musika Bandako tuba bakarlari Luis Orduña. Azken hau ensembleaz arduratuko da. "Euskal Herriko maila handiko ikasleei aukera bat eman nahi genion. Halako topaketarik ez da hemen egiten, eta askotan kanpora joan behar izaten dute", adierazi du Orduñak. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko lau eskaintzetarako. "Beno, tronpetakoa dagoeneko itxaron zerrendan dago", esan du Joxe Mari Azkue bandako zuzendariak. Izena emateari buruzko informazioa www.zumaia.eus webgunean dago. "Oso irakasle irekiak dira. Askok pentsatuko dute kontserbatorioko ikasleekin edo musikari profesionalekin bakarrik arituko direla, baina musika eskoletako ikasleekin ere berdin-berdin aritzen dira", azaldu du musika bandako zuzendariak. Aurten ere musika eskoletako ikasleei zuzendutako egun bat izango da, larunbata. Kontzertuak ere izango dira asteburuan. Martxoaren 17an, Ensembleen kontzertua egingo da Alondegian, eta martxoaren 18an, komentuan, amaiera kontzertua bandarekin eta irakasleekin. Irakasle guztiak arituko dira emanaldi horretan bakarlari bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide