2016an egin zuten Azkoitiko I. Kantu Jira. (Maxixatzen)
Iazko hutsunearen ondoren, 2016an martxan jarritako egitasmoa berreskuratuko dute etzi Azkoitian: Kantu Jira. 12:00etan hasiko da Azkoitiko II. Kantu Jira Balda plazan. Handik, Erdikalean gora abiatuko dira kantariak, eta kale horretan behetik goraino ibili ondoren, plaza Nagusian egingo dute azken kantu saioa, 14:00 aldera.
Agustin Arrieta
Etxetxo eta Ixabel Etxaniz senar-emazteak dira Azkoitiko Kantu Jiraren sustatzaileak. "Azkoitian ez dago kantu jira talderik, baina emaztea eta biok Donostiara joaten hasi ginen orain dela sei bat urte, hango lagun batzuen bidez", kontatu du Arrietak. Harrezkero, Donostian ez ezik, kantu jirak egiten dituzten herri gehiagotan ere ibiltzen dira azkoitiarrak, euskal kantak kalez kale eta lagun artean abestuz.
Orain dela bi urte, kantu jiraren egitasmoa herrira ekartzea pentsatu zuten, eta horrela egin zuten. 2016ko ekainaren 4an egin zuten Azkoitiko I. Kantu Jira, etzi egingo dutenaren ibilbide berarekin, eta "oso polita" izan zela dio Arrietak. Hala ere, aurtengoa "ederragoa" izango denaren esperantza du, besteak beste, duela bi urte ez bezala, Txalkor txistulari taldekoek bat egingo dutelako egitasmoarekin.
30 bat lagun elkartu ziren 2016ko kantu jiran, eta arantzatxo bakarra du antolatzaileak, "kanpotik etorritako lagunak" izan zirela kantura animatu ziren ia denak. Aurten are gehiago izango dira beste herrietatik Azkoitira joango diren kantu jira zaleak, 70 inguru; baina Arrietak "azkoitiarrak animatu nahi" ditu parte hartzera. Kantuen letrak ondo ez jakitea aitzakia izan ez dadin, liburuxkak prest izango dituzte, nahi duenak berea hartu eta kantuari ekiteko.