Udal Elkarteak ez du oraingoz neurririk hartuko edukiontziak hausteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 1a, 09:37

Hondakinak jasotzeko sistema berria abian jarri eta berehala, 47 edukiontzi kaltetu zituzten Zumaian. Gertaera "ekintza isolatutzat" jo du Urola Kostako Udal Elkarteak

Edukiontziak sutan Oikian. (Utzitakoa) Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) otsailean jarri zuen martxan hondakinak biltzeko sistema berria Urola Kostan. Otsailaren 1ean Aian hasi ondoren, hilabete erditik aurrera, mailakatuta, kostako gainerako herrietan ezarri dute. Zumaian otsailaren 21ean itxi zituzten errefusaren eta organikoaren edukiontziak. Denbora gutxi egon dira, baina, itxita. Izan ere, edukiontzi batzuei txartel irakurgailuaren kableak moztu zizkieten. UKUEk adierazi duenez, 47 izan ziren kaltetutako edukiontziak herriko hainbat kaletan eta auzotan. Ondorioz, nahiz eta otsailaren 21ean Zumaiako edukiontzi guztiak itxi zituzten, asko zabalik geratu ziren. "Ekintza isolatutzat" jo dute momentuz. "Zumaiako zinegotzi batzuekin hizketan aritu gara, eta talde antolaturik ez da ikusten oraingoz". Martxoaren 16an mahai politiko eta teknikoa elkartuko da, eta bitarte horretan halakorik errepikatzen bada, mahaian aztertuko dute eta orduan hartuko dituzte erabakiak. Hori nahikoa ez, eta larunbatean bost edukiontzi kixkali ziren Oikia auzoan. UKUE suhiltzaileen txostenaren zain dago sabotajea izan den ala nahi gabe eragindakoa izan den jakiteko. Ez du ezer baztertzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide