Zaindarien egunean ospatuko dituzte Martirietako jaiak, zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ots. 28a, 19:07

Egun osoko festa egitaraua prestatu dute martxoaren 3rako eta Bentak ateak irekiko ditu festa egunerako. Bazkarirako eta afarirako tokia hartzeko epea bihar bukatuko da.

Egun bateko festarekin ospatuko dituzte aurtengo jaiak Azkoitiko Martirietan, eta festetako zaindarien egunarekin bat eginda. Zapatua da San Emeterioren eta San Zeledonioren eguna, eta orduantxe izango dute festarako parada Martirietan elkartuko direnek. Auzoko taberna zenak, Martirietako Bentak, ateak irekiko ditu aurten egun batez, eta horrela, han eta soziedadean gauzatuko dituzte prestatu dituzten egitasmoak. Besteak beste, bazkaria eta afaria izango dituzte zapatuan Martirietan, eta horietarako aurrez hartu behar da tokia, 620856765 edo 636154337 telefonoetara deituta; bihar izango da horretarako azken aukera. Festak antolatzen ari direnek aurreratu dute dagoeneko 50 bat lagunek eman dutela izena afarirako, eta beste 10-15 batek bazkarirako. Bazkalondoan, berriz, Martitteko Bentako I. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute; 16:00etan hasiko da lehia, eta parte hartu asmo dutenek 15:30etik aurrera eman beharko dute izena. Hau da martxoaren 3rako Martirietan prestatu duten festa egitaraua: 11:00. Festen hasiera. 11:30. Meza, auzoko hildakoen alde. Ondoren, elkartean, hamaiketakoa egingo dute, trikiti musikarekin girotuta. 14:00. Bazkaria, Bentan. 16:00. Martitteko Bentako I. Mus Txapelketa Azkarra. 21:00. Afaria, Martitte elkartean. Ondoren, Kupela taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide