Javier Zubizarreta. (Azkoitiko EAJ)
Javier Zubizarreta izango da 2019ko udal hauteskundeetan EAJren alkategaia. Azkoitiko Uri Buru Batzarrak aho batez onartu du hautagaitza, eta batzorde horrek azaldu duenez, "ondo bidean", egungo alkateak agintean jarraitzeko aukera izango du 2019-2023 agintaldian.
Azkoitiko EAJk balorazio "oso positiboa" egin du, eta bere esker ona adierazi nahi izan dio Zubizarretari "orain arte egindako lanagatik eta aurrerantzean horrela jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik". EAJren arabera, agintaldi honetan, herriak "beste itxura bat" hartu du: "Txukunagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa: Idiakez Ederra etxeari irtenbidea eman zaio, Hizkuntza Eskola ofiziala Azkoitira ekarri da, Hurkoak bulegoa zabaldu du plazan, Azkoitia Lagunkoia jarri da martxan, parke estaliaren proiektua aurrera doa… Egindako lana ez da makala, baina herri bat ez da oinordekotzatik bizitzen, eguneroko lanetik baizik". Datozen urteetan, alkate ardura Zubizarretak zuzen beteko duela ziur dela azaldu du Azkoitiko EAJk: "Berriro ere herria bide onetik eramango duen konfiantza osoa dugu. Horregatik, alderdiak bere babesik irmoena emango dio".
Zubizarretak 2015eko ekainean hartu zuen alkate kargua. Ordura arte, beste bi bazkiderekin batera sortutako enpresan egin zuen lan. Horrez gain, Anaitasuna futbol klubeko presidentea izan zen bost urtez, eta, egun, Parrokiako Abesbatzako kide da. Udalean daramatzan urteek "erronka berriei heltzeko nahia areagotu" die egungo alkateari. "Egia esan, lau urteko agintaldia laburregia da zenbait proiektu gauzatuta ikusteko. Asko bideratu ditugu eta uste dut herritarren konfidantza baldin badugu, bigarren agintaldia oso probetxugarria izango zaigula. Ilusio horrek hautagaitza onartzera eraman nau", azaldu du Zubizarretak.