Datorren asteburuan egingo dute Azkoitiko Outlet Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ots. 16a, 12:59

Iazko Outlet Azokan hartutako irudi bat. (Ihintza Elustondo) Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, datorren asteburuan egingo dute Azkoitiko IV. Outlet Azoka. Hain zuzen ere, otsailaren 23an, 24an eta 25ean zabalduko dute azoka, Elkargunean. Guztira, herriko 11 dendak parte hartuko dute bertan: Pitxin, Trukebai, Arantxa, Idurre, MunduEko, Lirain, Maina, Bego, Munibe, Soul eta Yoko Kirolak. Aurten, gutxienez hamar euroko erosketak egiten dituzten bezeroi zenbaki bat emango diete –zenbaki bakarra pertsonako–. Igandean, 12:00etan hasita, hainbat sari zozkatuko dituzte, eta zenbaki saridunen jabeek bertan egon beharko dute, saria jaso ahal izateko. Azoka honako ordutegi honetan zabalduko dute: ostiralean, 17:30etik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; eta, igandean, 10:00etatik 14:00etara. Bestalde, zapatuan umeentzako puzgarriak egongo dira, eta aurten ere 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute, zapatuan eta igandean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide