Azkoitiko udal ordezkariak, parke estalia eraikiko duten gunean. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak jakinarazi du Gaztaneneako parkean eraikiko duela parke estalia, Gamundi Etxearen ondoan eta egungo taxi geltokiaren parean, hain justu. Udalak azaldu du hainbat alternatiba aztertu eta baztertu dituela, eta, aztertutako aukeren artean, kokapen horixe dela "baldintzarik onenak" eskaintzen dituena estalitako jolastoki bat eraikitzeko, "tamainagatik eta erdigunean dagoelako". Gainera, udalaren arabera, eraikiko duten parke estalia eta egun Gaztanenean dagoen parkea osagarri bihurtuko dira, oraingoa bere horretan mantenduko baitute.
Parke berriak Gamundi Etxearen harresi ondoko berdegunea hartuko du, baita belardiaren ondoko lurzoruaren zati bat ere, orain bankuak dauden lekuraino, gutxi gorabehera. Hasierako planteamenduaren arabera, parke estaliak 28 x 13,6 metroko neurria, 380 metro koadroko azalera eta 6,20 metroko altuera izango du. Edonola ere, planteamendu horretan aldaketak egiteko aukera dago, behin betiko proiektuan jasoko baitituzte zuzen xehetasunak. Oraingoz, udalak azaldu du "argi" duen bakarra kokapena dela.
Parkea non eraikiko den erabakita, hurrengo urratsa lanak lizitatzea izango da. Proiektua exekutatzeko udalak 150.000 euroko diru poltsa jarrita du; erakusketa publikoan egon ostean, urtarrilaren 29an onartu ziren 2018ko aurrekontu orokorrak behin betiko.
"Parke estalia eskaera handienetarikoa duen proiektua da herritarren aldetik. Egiteko konpromisoa hartu genuen, baina egia da orain arte presazko esku hartzea eskatzen zuten beste behar batzuei eman diegula lehentasuna. Gainera, hainbat arrazoi tarteko, kosta egin zaigu kokapen egokiena zehaztea. Baina parke estaliari iritsi zaio bere txanda, eta aurten izango dugu", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. Hirigintza sailak orain arte herriguneko 18 parkeen egoera aztertu du. Udalak azaldu duenez, gehienak homologatu dituzte, eta falta direnetan, hobekuntzak martxan daude eta aurten bukatzea aurreikusten dute.