Voltaia eta Deus ez taldeek Katapultaren bultzada izango dute

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ots. 9a, 09:37

Musika arloko lau proiektu eta arte eszenikoko bi hautatu dituzte Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuiturako. Zumaia, Zarautz eta Orio zirkuitu horretan sartu dira.

Zumaiako Voltaia hirukotea eta Azkoitiko eta Eibarko kideez osatutako Deus ez laukotea izango dira aurtengo Katapulta Tour Gipuzkoan (KTG) arituko diren bi talde. Guztira musikako eta arte eszenikoetako 30 bat artista hautatu dituzte programa hori osatzeko, eta horien artean dira aipatutako Urola Kostako bi musika taldeak. Horrez gain, Katapultako zirkuituan sartuko dira Kostako hiru udalerri: Zumaia, Zarautz eta Orio. Zirkuituko antolatzaileek FederArte euskal surf kultura jaialdiarekin sinatutako akordioari esker sartu dira hiru herri horiek. Musikaren eta arte eszenikoen arloan lurraldeko talentua sustatzen laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Buenawista Prolleckziom`s-ek abian jarritako programa bat da KTG. Gipuzkoako artisten lana bultzatzeaz gain, kultur programazio egonkorra duten espazioek duten garrantzia nabarmentzea eta kultur eszena dinamizatzea ere baditu helburu egitasmoak. Kutxa Kultur Musika programak ere parte hartzen du proiektu honetan, eta egonaldietako deialdian hautatutako taldeak jarriko ditu. Horrez gain, Jazzaldia ere lankide izango da, bertako taldeen lehiaketako kontzertuak sartuko baitituzte programan. Hirugarren urtez antolatu dute programa hau, eta aurreko urteetan bezala, hautatze prozesuan parte hartze zabala izan da: 68 musika talde, bakarlari edo proiektuk, eta arte eszenikoetako beste hamazazpi proiektuk parte hartu dute. Musika arloko lau eta arte eszenikoko beste bi proiektu hautatu dituzte aurtengo Katapulta Tourrerako, horien artean aurrez aipatutako Voltaia eta Deus ez. Beste biak Donostiako Nerabe eta Juan Valls oƱatiarra dira. Bestalde, Kutxa Kultur Musikak beste sei talde hautatu ditu, eta, horriez gain, beste hamabost talde Heineken Jazzaldiaren hautatze prozesuan ari dira parte hartzen. Kontzertu ugari Makina bat emanaldi emango dituzte hautatutako taldeek. KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako taldeen 56 emanaldi aurreikusten ditu Gipuzkoako espazio eta jaialdi desberdinetan. Heineken Jazzaldiak aukeratutako taldeen hamar emanaldi izango dira uztaileko jaialdian, eta KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako taldeen beste lau emanaldi izango dira jaialdi horretan bertan. Amaitzeko, KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako artisten hiru emanaldi izango dira Gipuzkoako Surf Federazioaren FederArte jaialdian. Voltaia stoner rock hirukoteak datorren astean aterako du bere disko berria, Erortzen izenekoa. Ostegunean aurkeztuko dute diskoa Andoaingo gGaztetxean. Deus ez, berriz, Eric Deza abeslariaren inguruan sortutako rock taldea da. Iaz atera zuen lehen diskoa, Deus ez izenekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide