Azkoitiko Udalak azaldu "aurki" botako dutela Kale Nagusia 4ko eraikina

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ots. 8a, 16:21

Urtarrilaren amaieran Kale Nagusia 2. zenbakiko bizilagunek kezka agertu zuten alboko etxea erortzen ari zelako, eta salatu zuten udalak horren aurrean neurririk ez zuela hartu. Udalak azaldu du bizilagunekin bildu dela, eta "alde biak pozik" gelditu direla.

Urtarrilaren amaieran UROLA KOSTAKO HITZAk argitaratu zuen Azkoitiko Kale Nagusiko 4.zenbakidun eraikina erortzear zela. Kezka agertu zuten alboko etxeko bizilagunek, eta salatu zuten horren aurrean udalak ez zuela neurririk hartu. Horren aurrean, udalak gaur jakinarazi du ohar bidez, Kale Nagusia 2ko bizilagunekin bildu dela. Erakundearen arabera, bizilagun horiek aste honetan aurkeztu dute "lehenengo aldiz" idatzi bat udaletxean, kale horretako 4. zenbakiko eraikinaren egoeraren inguruko kezka agertuz. Udalaren arabera, "alde biek ondo eta pozik" eman diote amaiera bilerari. Izan ere, udalak azaldu duenez, Javier Zubizarreta alkateak jakinarazi die bizilagunei Eusko Jaurlaritzak herenegungo, otsailaren 6ko, Gobernu Kontseiluan onartu zuela Kale Nagusia 4ko etxearen "desafektazioa". Desafektazio hori Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen denean sartuko da indarrean. Behin argitaratuta, etxejabeek eraikina botatzeko proiektua beharko dute, eta nahi duten enpresari esleitu ahal izango dizkiote lanak. Eraikina pribatua da, eta herenegungo Gobernu Kontseilura arte babestuta egon da Kultura Ondasun gisa izendatuta zegoelako, Azkoitiko Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendapenaren barruan. Udalak esan duenez, hain zuzen ere horregatik ez zuen eskumenik eraikin hori botatzeko. "Horrelakoetan, beharrezkoa da aurretik Euskadiko Ondare Arkitektoniko Momumentalaren Aholku Batzordeak etxea desafektatzea –babesa kentzea- hondamendi egoeran daudela aitortu ostean". Udalak dio "etxejabeen eskutik" joan dela "uneoro", eta azaldu du 2016aren amaierarako tramite guztiak eginak zituela Kale Nagusia 4 hondamendi egoeran deklaratzeko eta desafektazioa aurrera eramateko. Ondoren, aurkeztutako txosten teknikoak Eusko Jaurlaritzak ontzat eman ostean, desafektazio prozesua hastea erabaki zuten, eta udalak dioenez, horrela argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2017ko urriaren 9an. Prozesu guzti hori aurrera eraman bitartean, udalak azaldu du "hainbat neurri" hartu behar izan dituela "segurtasuna bermatzeko", eraikinaren egoerak okerrera egin duelako denborarekin: "Esaterako, Kale Nagusia 2ko bizilagunei terrazara ateratzea debekatu zitzaien eta 4. zenbakiko etxearen atzealdeko fatxadaren orri bat bota zen". Udalak azaldu du ez dagoela eraikin osoa babestuta, aurrealdea bakarrik baizik. Halaber, udalak adierazi du ibai aldeko zonaldea itxi eta seinaleztatu egin zuela. "Ur Kontsortzioak ere bertatik igarotzen den hornitze hoditeria indartu behar izan zuen zementuarekin, prebentzio modura". Udalak 4. zenbakiko jabeei eskatu die jada prest izateko eraisketa proiektua, desafektazioa indarrean sartzen denean "lehenbailehen eraikina bota ahal izateko". Udalaren esanetan, "denbora gutxiko kontua" izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide