Otsailaren 17an jokatuko da Zumaiako 34. Herri Lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ots. 7a, 09:41

Sian Robertson, iazko herri lasterketako irabazlea. (Gorka Zabaleta) Hilaren 17an jokatuko da Zumaiako XXXIV. Herri Lasterketa. Egun horretan, 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik. Azken urteotan bezala, bi distantziako lasterketak izango dituzte parte hartzaileek aukeran: 5.600 metroko lasterketa laburra, eta 10.200 metroko proba luzea. Proba horietan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Kirolprobak.com webgunean. Zumaiako herrigunea zeharkatuz osatuko dute lasterketako ibilbidea parte-hartzaileek. Ohi bezala, irteera eta helmuga Eusebio Gurrutxaga enparantzan izango dira. Aurten, ordea, hainbat aldaketa izango ditu ibilbideak, Axular ibiltokitik aurrera: behin Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, korrikalariek Erribera kalea zeharkatuko dute, Arranpla parean buelta eman eta Txomin Agirre kaitik joanda, Axular ibiltokira iritsiko dira. Aurreko urteetan, Jadarreko zubia zeharkatu eta Sagarbide kaletik eta Alai auzategitik zehar joaten ziren korrikalariak Etxezarreta kalera heltzeko. Aurten, aldiz, Axular ibiltokitik Bittarte erretegiraino jarraituko dute parte hartzaileek. Han buelta eman eta Jadarreko zubia zeharkatu ondoren, Basadi auzategiko bidetik joango dira, Narrondo ibaiaren ertzetik. Etxezarreta zeharkatuta, Mendaro Marinela kaletik jarraituko dute. Parolaldean eta Larretxo auzategian ez da aldaketarik izango. Lasterketa laburra aukeratzen dutenek ibilbideari itzuli bakarra emango diote, eta proba luzerako izena emandakoek bi aldiz egin beharko dute ibilbide osoa. Internetez izena emateko epea otsailaren 16ko gauerdira bitartekoa da, Kirolprobak atarian. Lasterketa luzearen kasuan, txip zurien jabeek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta txip horia daramatenek 11 euro. Lasterketa laburrean, txip zuridunek 11 euro ordaindu beharko dituzte, eta horidunek 9 euro. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, Itsas kiroldegian. Baina garestiagoa izango da orduan: luzean, txip zuriarekin 18 euro ordaindu behako dira, eta horiarekin 16 euro; laburrean, txip zuriarekin 16 euro eta horiarekin 14 euro. Gehienezko partaide kopurua 500 korrikalarirena izango da: 400 proba luzean eta ehun laburrean. Aurretik, eskolartekoak Helduen lasterketa hasi aurretik, eskolartekoen txanda izango da. Haur eta gaztetxoen lasterketak 15:45ean hasiko dira. Kimuek (2006-07 urteetan jaioak) 1.050 metro egingo dituzte, infantilek (2004-05) eta kadeteek (2002-03) 2.100 metro eta benjaminek (2008-09) 350 metro. Benjamin aurrekoek (2010-11) guraso baten laguntzarekin aterako dira, 300 metro eginez Erribera kalean zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide