(Argazkia: Azkoitiko Udala)
Erakusleiho ikastaroa jarriko dute martxan Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean herriko merkatarientzat. Helburua da erakusleihoen diseinuaren inguruko ezagutzak berenganatzeko aukera eskaintzea herriko dendariei, horrek "salmenten gorakadan" eragin dezakeelakoan. Oraindik datak itxi gabe dauden arren, udalaren arabera, ikastaroa berehala hasiko da eta urte bukaeran amaituko da. Z estudioa arduratuko da ikastaroa emateaz. Astean behin egingo dituzte saioak, Elkargunean, 15:00etatik 16:30era bitartean.
Ikastaroaren helburua da erakusleihoa lantzeko teknikak irakastea, erakusleihoak "merkataritza tresna" gisa hartuta. Neurketatik hasi eta erakusleihoa prestatzera arte eman beharreko pausoak jorratuko dituzte. Erabili daitezkeen materialak erakutsiko dituzte, eta erakusketako teknikak ere bai; besteak beste, konposizioa edota kromatismoa.
Ikastaroaren plaza kopurua mugatua da: printzipioz, gehinez hamabi lagunek parte hartu ahal izango dute. Hala ere, jende gehiagok ematen badu izena, bi talde osatzea aurreikusten dute arduradunek, "nahi duten guztiek izan dezaten tailerretara joateko aukera". Herriko merkatari guztiei zabaldu diete proposamena, eta Herrixen elkarteko saltokiek kuota ordaindu beharko dute.
Ikastaroan parte hartu nahi duten merkatariek izena eman dezakete udaleko arreta bulegoan, 943-08 00 80 telefonora deituta edo
idaz@azkoitia.eus helbidera idatzita
. Bestalde, Herrixen elkartearen bulegoan ere eman daiteke izena (Herriko Plazan, Kultur Etxeko 1. solairuan). Otsailaren 9an amaituko da izena emateko epea.