UEUko argazkilaritza ikastaroa emango du Mikel Castellanok

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ots. 2a, 10:31

‘Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa’ emango du argazkilari zumaiarrak martxoan, Askizuko aterpetxean. Matrikulazio epea martxoaren 9ra arte dago zabalik

Mikel Castellano argazki kamera eskutan duela. (Utzitakoa) Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udaberrirako prestatu duen plangintzaren barruan, Mikel Castellano zumaiarrak Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa emango du, martxoaren 24an eta 25ean, Askizuko aterpetxean. Natura eta paisaia argazkilaritzaren munduan hasi nahi duen jendeari zuzendutako ikastaroa da. "Paisaia, animaliak eta landareak argazki onetan harrapatu nahi izatea naturzaleen obsesioa izan arren, nekez lortzen da oinarririk gabe. Ikastaro hau hori asetzeko diseinatu dugu", adierazi dute ikastaroko antolatzaileek. Bi eguneko ikastaro hau –16 ordu guztira– Castellano gazteak emango du. Irudiaren argiztapena, kaptazioa eta tratamenduan lizentziatua da. Bere esanetan, ekintza honekin naturazaleak prestatu nahi dituzte "ingurunea egoki, kalitatez, harrapatzeko". Oinarrizko kontzeptuak lantzeko paisaiekin hasiko dira, "animalien aldean, mugitzen ez direnez, errazagoa delako". Mendiko eta itsasoko irudiak hartzen ikasteaz gain –Pagoetako parkera eta Zumaiako labarretara joango dira irteera praktikoetan–, argiekin ere jokatuko dute. "Hainbat argirekin lan egiteko aukera edukiko dugu; egun argiz, ilunabarrean eta gauean alor praktikoa jorratuko dugu. Behin gutxineko jakintza lortuta, norbere kontu izango da gaitasunak landu eta naturako izakiekin proba egitea". Ikastaro hau reflex moduko kameratara mugatuko dela dio Castellanok, eta ikastaroan parte hartuko dutenek kamera beraien kabuz lortu beharko dutela. "Reflex kamerak aukera ematen du argazkia ateratzerakoan parametro edo aldagai guztiak doitzeko. Beraz, argazkiaren emaitzarekiko erabateko kontrola dugu. Argazkiaren emaitza benetan erabakitzeko aukera dugu. Parametro horien ezagutzan jarri nahi dugu fokua". Teoria eta praktika landuko direla ere adierazi du. "Lehenik eta behin, metodologia klasikoarekin funtsezko teoria landuko dugu: kameren ezaugarri guztiak ezagutu, zertarako balio duten ikasi, nola erabili behar diren aztertu... Horretarako, gidalerroak prestatuta eramango ditugu. Ondoren, ikasitako dena praktikan jartzera aterako gara aipatutako paisaietan barrena". Matrikulazioa ueu.eus webgunean egin behar da; martxoaren 9ra arte dago horretarako aukera. Matrikula orokorra 122 eurokoa da; ikasleentzat, langabeentzat eta erretiratuentzat 111 eurokoa, eta UEUko bazkideentzat, berriz, 94 euroko. Prezioan aterpetxean lo egitea eta otorduak daude sartuta .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide