'Txarriboda' antzezlana emango dute larunbatean, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ots. 1a, 16:21

Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartuko du obran. Ez da, ordea, agertokian izango den herritar bakarra; oholtzan izango da Eneritz Artetxe bertsolaria, eta Sahatsa dantza taldea ere gonbidatu dute emanaldira.

Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko zinegotzia, Agurtzane Intxaurraga obraren zuzendaria eta Iñigo Aranbarri aktorea, Azkoitian. (Azkoitiko Udala) "Ezkontza ez da sekula modaz pasatzen. Liturgia teatral ikaragarria du, jendea transformatu egiten da eta bere itxura zaintzen saiatzen da. Pentsatu genuen hori guztia parodia bihurtzea edo kritika egitea". Horrela deskribatzen du Hika Teatroaren buru eta Txarriboda antzezlanaren zuzendaria den Agurtzane Intxaurragak estreinatu berri duten lana. Larunbat honetan, otsailaren 3an, Azkoitiko Baztartxo antzokian ikusi ahal izango da obra, 20:00etan hasita. Obra horretan, besteak beste, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartuko du. Ez da, ordea, agertokian izango den herritar bakarra. Ezkontza batek dituen elementu guztiak taularatu eta obra herritartzeko asmoz, Eneritz Artetxe bertsolariak parte hartuko du eta Sahatsa dantza taldea ere gonbidatu dute saioan parte hartzera. Ordu aldaketa Normalean, antzezlanak 22:00etan egin ohi dituzte Azkoitian. Udaleko Kultura sailak, ordea, aurreratu egin du ordua, publikoarentzat ordu aproposagoa izan daitekeela pentsatuta. Horregatik emamango dute 20:00etan Txarriboda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide