Iraitz Legarra, Lide Rekondo eta Juan Ramon Alberdi dira Bizenta Mogel lehiaketaren irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urt. 26a, 14:48

Iazko berberak dira lehen bi sarien irabazleak. Otsailaren 16an egingo dute sari banaketa, Azkoitiko udaletxean, 19:00etan. Guztira, 29 lan aurkeztu dira lehiaketara.

Iazko edizioko irabazleak, sari banaketa ekitaldian. (Azkoitiko Udala) Iraitz Legarra markinarra, Lide Rekondo azkoitiarra eta Juan Ramon Alberdi azkoitiarra dira XXXVI. Bizenta Mogel lehiaketako saridunak. Iaz ere antzekoa izan zen podiuma: izan ere, Legarrak irabazi zuen sari nagusia eta Rekondok bigarrena, aurten bezala. Hirugarren sariaren jabea da, beraz, aurreko ediziotik aldatu den bakarra. Printzesen negarra ipuinarekin eskuratu du sari nagusia Legarrak, Postala Giraldatik lanarekin bigarrena Rekondok, eta Mangolioak loretan izenekoarekin hirugarrena Alberdik. Epaimahaiak gai nagusiari eman dioten tratamendua, irakurlearengan pizten duen interesa, erritmoa eta euskara maila izan ditu kontuan, irabazleak aukeratzerakoan. Guztira, 29 lan aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, iaz baino lau gutxiago. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 16an egingo dute, Azkoitiko udaletxean, 19:00etan hasita. Udalak azaldu duenez, Bizenta Mogel Lehiaketaren edozein ediziotan parte hartu duten idazleak eta interesa duten herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldira. Bizenta Mogel, euskarazko lehen emakume idazlea Bizenta Mogel euskarazko lehen emakumezko idazlea izan zen, 1782an Azkoitian jaioa. Garai zailetan, ikasteko aukera soilik gizonezkoen pribilegioa zen sasoietan gailendu zen Mogel. Haren omenez antolatzen dute Azkoitian literatur lehiaketa. Udalak bi urtez behin argitaratzen ditu lehiaketan saritutako ipuinak. Iaz 1999tik 2006ra bitartean saritutakoak jasotzen dituen liburua kaleratu zuen, eta datorren urtean aterako du hurrengo liburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide