Rockaren erokerian murgilduko da Txori Txiki Musika Eskola Inauterietan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urt. 25a, 09:38

'ROCK...ero' izango da otsailaren 9an egingo duten kalejirako eta jaialdiko gaia. Kalejira prestatzeko entseguak egingo dira otsailaren 6an eta 7an, herritarrentzat irekiak

Inauterietako kalejira eta jaialdia antolatzen ari direnak. (Juan Luis Romatet) Rockaren historian ero dezente izan dela, horren zalantzarik ez dago. Baina, rockero guztiak al dira eroak. Ez, ezta? Edo bai? Erokeriatik hurbil izango direnak Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolaren Inauterietako kalejira eta jaialdian parte hartuko duten rockeroak izango dira. Izan ere, ROCK...ero da aurtengo jaialdiaren gaia eta, izenak berak garbi erakusten duen bezala, rocka eta erokeria uztartuko ditu modu alai eta dibertigarri batean. 11. urtez aterako dira Txori Txikiko ikasle, irakasle, musikari eta gurasoak kalejiran, Zumaiako Inauteriei hasiera emanaz. Aurtengo jaialdia otsailaren 9an izango da, ostiralean. Taldea 18:30ean abiatuko da Musika eta Dantza Eskolaren egoitzatik, Ubillos jauregitik. Alde Zaharra zeharkatuta, Sanjuaniturrira iritsiko dira eta, maldan behera eginda, Kofradiara helduko dira. Buelta eman eta Erriberan barrena eginda, eta Goiko/Trapaia tabernen aurrean geldiune bat egin eta gero, Gurrutxaga plazara abiatuko dira. Bertan egingo dute jaialdia, kontzertu, antzerki eta dantza saioarekin. Aurreko urteetako esperientzia errepikatzen bada, talde handia bilduko du jaialdi honek. Musika eta Dantza eskolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, Zumaiako Udal Musika Bandak eta Inazio Tolosa, Esti Curiel, Telmo Irureta eta Goiz Eder Iturain aktoreek ere parte hartuko dute. Inauteri bezperako festan parte hartu nahi duten guztiei pegatinak banatuko dizkiete, otsailaren 5etik 8ra, 17:30etik 19:30era, Ubillos jauregiko idazkaritzan. Kalejira prestatzeko entsegu saioen hitzorduak ere jarri dituzte: otsailaren 6an eta 7an egingo dira, 17:30etik 18:00etara, Torreberrin. Herritar oro festan parte hartzera deitu dute antolatzaileek. Musika eta kolorea Aurten 11. urtez antolatu du Txori Txikik Inauterien hasierako jaialdia. Euskal kulturarekin lotutako gaiekin hasi ziren (Akelarrea, Lantzeko inauteriak), baina, denborarekin, esparrua zabaltzen joan dira eta piratak, mamuak edo superheroiak izan dira Zumaiako kaleetan. Datozen inauterietan rockeroak, punkiak eta heavyak izango dira herria alaitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide