Balenciagako langileek lanuzteak hasi dituzte itun "duina" eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urt. 24a, 09:42

Zumaiako ontziola enpresako langileek salatu dute zuzendaritza beren eskakizunei entzungor dagoela. Akordiora heldu ezean, mobilizazioak areagotuko dituzte

Balenciaga ontziolako langile taldea enpresako sarreran, atzo. (Lab Sindikatua) Balenciaga ontzioletako langileak bi orduko lanuzteak egiten hasi dira aste honetan. Enpresako itun duina lortzea dute mobilizazioek helburua. Printzipioz, aste honetarako eta datozen asteotarako iragarri dituzte lanuzteak. LAB sindikatutik jakitera eman dutenez, urtebete baino gehiago doaz enpresako zuzendaritzarekin hitzarmen berriaren negoziazioetan, "ez aurrera eta ez atzera". Langileen esanetan, "gure aldetik entzuteko, hitz egiteko eta akordiora iristeko borondate guztia erakutsi izan dugu. Enpresak beti entzungor egin izan die gure proposamenei, ordea. Beti nondik estutuko dabil egiten ditugun bileretan, ez du jarrerarik aldatzen". Langileek gaineratu dutenez, jada "topea jo" dute, eta lanuzteekin hastea erabaki dute. "Enpresak jarrera aldatuko ez balu, egun osoko lanuzteak egiten hastea ere erabakita daukagu", adierazi dute. Enpresak azken urte honetan erakutsi duen jarrera salatu dute langileek kaleratu duten ohar baten bidez. "Gure eskubideak bermatuko dituen hitzarmen bat sinatu nahi dugu. Langileok eta zuzendaritzak askotan negoziatu dugu. Beti izan dugu ituna sinatuta. Ez dugu esango bide erraza izan denik; izan ere, borrokari eta negoziazioari eskerrak lortu ditugu orain artekoak. Baina, azken urtebetean enpresak erakutsi duen jarrera erabat itxia izan da, eta edozein proposameni entzungor egiten die". Mobilizazioak beraien eskubideak defendatzeko helburuarekin deitu dituztela azpimarratu dute beharginek, eta, akordio duin bat lortu ezean, era progresibo batean lanuzteak aregoatuko dituztela jakinarazi dute. Lanuzteen egutegia Bihar arte, goizez egingo dituzte lanuzteak, 09:00etatik 11:00etara. Irtenbide bat aurkitu ezean, otsailaren 2an, egun osoko lanuztea egingo dute, eta, otsailaren 5ean, goizez eta arratsaldez egingo dituzte mobilizazioak: 09:00etatik 11:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide