Sahararen aldeko janari bilketa egingo du Darahli elkarteak aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urt. 17a, 08:26

Ostiralera arte ikastetxeetan egingo da bilketa, eta asteburuan herriko bost supermerkatuetan. Aste Santuan 85 lagun joango dira Zumaiatik sahararren kanpamentuetara

Darahliko kideak mikrokredituen balorazioko bileran. (Daralhi) Hiru urtean behin, Sahararako kanpamentuetarako bidaia antolatzen du Zumaiako Darahli elkarteak. Ikastetxeetako gazteekin joaten dira errefuxiatuen kanpamentu hauetara, eta haien egoera ezagutzeaz gain, haien bizi kalitatea hobetzeko lanak eta ekintzak egiten dituzte. 85 lagun joango dira aurten martxoaren 23tik apirilaren 1a bitartean izango den egonaldira. Aste Santuan egingo den bidaiara Maria eta Jose Ikastetxeko eta Zumaiako Herri Eskolako DBH4ko 65 haur joango dira. Horiei beste hogei laguneko talde bat gehituko zaie: elkarteko kideak, sendagilea eta erizaina, eta orain dela hiru urteko bidaian parte hartu eta orain begirale moduan joango diren zenbait gazte, hain zuzen ere. Joan den abenduan izan ziren elkarteko kide batzuk Tindoufeko kanpamentuetan. Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herriko alkatearekin eta Auserd eskualdeko gobernadorearekin bildu ziren, hurrenez hurren, bidaia prestatzeko. Aurretik, baina, izango dira Saharako herriarekin lotutako ekintza gehiago. Hala, aste honetan bertan, janari bilketa egingo dute. Gaur hasi eta ostiralera arte ikastetxe mailan egingo dute bilketa, Zumaiako Herri Eskolan eta Maria eta Jose ikastetxean. Larunbatean, berriz, herriko bost supermerkatuetan jasoko dute hara bidaliko dituzten janariak eta beste produktuak. Atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak jasoko dituzte. Larunbatean, goizez eta arratsaldez, Eroskiren hiru supermerkatuetan, BMn eta DIAn jasoko dituzte produktuak. Gero, behin pisatu ondoren, kamioi baten bidez eramango dituzte kaxak Donostiara, eta aste batzuk barru, Euskal Karabanaren bidez bideratuko dituzte errefuxiatuen kanpamentuetara. Darahli elkarteko koordinatzaile Samuel Ruizek gogoratu duenez, iaz 3.000 kilotik gora elikagai eta konpresa bildu ziren Zumaian. "Inoiz bildutako kopuru handiena izan zen iazkoa. Aurtengo bilketari leloa jarri diote gazteek, eta da Zumaiako biztanleko kilo bat jaso behar dela. Ikusiko dugu ea hala den". Zesta-punta jaialdia Janari bilketa ez da izango, ordea, Sahararen alde datozen egunotan Zumaian egingo den ekintza bakarra. Hilaren 27an, larunbatean, 19:00etatik aurrera, zesta-punta jaialdia jokatuko da Aitzuri frontoian. Lau pilotari handi ariko dira jokoan Zumaiako frontoi luzean: IƱaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil zumaiarrak, Mikel Egiguren eta Eric Irastorzaren aurka. Pasa den abenduan profesional mailako azken partida jokatu zuen Enbilek, baina partida honekin esango dio agur puntista zumaiarrak bi hamarkadako ibilbideari. Aurretik, zesta-punta eskolako pilotari gazteen partida jokatuko da. Sarrerak 10 euroan daude salgai honako toki hauetan: Zumaiako turismo bulegoan, Aitzuri frontoian, Lubaki kiroldegian, BQD Bidaiak agentzian eta Sei Zortzi tabernan. Polemika sarrerengatik Jaialdiko sarreren inguruan polemika ere piztu da partidak ikusteko haurrek ordaindu behar izango dutelako. Kexa hauei ohar baten bidez erantzun die Darahlik. Ohar horretan diotenez, jaialdi hau "ongintza ekintza bezala" antolatu dute, eta helburu nagusia da Aljeriako kanpamentuetan bizi den Saharako herriari laguntzeko ahalik eta diru gehien lortzea. "Ez dugu ezagutzen kirol honetan nola kudeatzen diren umeen sarrerak urtean zehar egiten diren partidetan, ezta kirol edo kulturako ongintzazko beste ekintzetan ere. Baina, gure kasua aztertuta, eta frontoiak gehieneko edukiera bat duela ikusita, sarrerak doan edo merkeago ipintzeak gure helburu nagusiaren aurka joango litzatekela pentsatzen dugu", jarraitzen du oharrak. Horren aurrean, Darahlik erabaki du, behin jaialdia hasita dagoenean, eta harmailen egoera kontuan hartuta, hutsuneak betetzeko 14 urtetik beherakoak doan sartzen uztea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide