Azkoitiko Prebentzio Mahaiak inkesta bat jarri du martxan 14 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzenduta

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urt. 10a, 17:53

Parte hartze prozesu hori Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Tokiko Plana lantzeko oinarri gisa erabiliko dute. Hiru erosketa bono zozkatuko dituzte inkesta betetzen dutenen artean. Urtarrilaren 16an Gazteen Topaketa egingo dute, Elkargunean.

Azkoitiko Kale Nagusia. (Ihintza Elustondo) Azkoitiko Prebentzio Mahaia herriko eragileekin elkarlanean ari da ohitura osasuntsuen inguruan kontzientziazio lan bat egiteko eta drogen kontsumoaren arriskuez ohartarazteko, eta, orain, 14 eta 24 urte bitarteko herritarrek zer pentsatzen duten jakin nahi du: nola sentitzen diren herrian, zerk sentiarazten dituen herriaren parte edo zerk lotzen dituen lagunengana eta bizilagunengana. Gazteen iritzia jaso ahal izateko, Ongizate eta Gazteria sailek galdetegi bat landu dute. Helburu nagusia da "Azkoitia bizi eta osasuntsua" eraikitzeko elkarrekin lanean jarraitzea. Parte hartze prozesu hori Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Tokiko Plana lantzeko oinarri gisa erabiliko dute. Galdera sortak gazteek izan ditzaketen bizipenak eta esperientzia positiboak hartzen ditu abiapuntutzat: hau da, lagunekiko eta familiarekiko harremana, herriko jardueretan duten parte hartzea, kuadrilla edo talde batekiko izan dezaketen sentimendua nahiz herria hobetzeko duten prestutasuna. Ekimenaren sustatzaileek galderak erantzutera animatu dituzte gazteak, beraien ideiak edo proposamenak ezagutzera emanez. Hamabost ideiarekiko bakoitzak duen asebetetze maila baloratzea eskatzen da galdetegian, eta bizpahiru minutu nahikoa dira galdera horiek erantzuteko. Inkesta anonimoa da, partaidearen profilari buruzko datu orokor batzuk baino ez baitira eskatzen. Galdetegia bete nahi dutenek, lotura honetan dute horretarako aukera. Sare sozialetan eta whatsapp bidez ere zabalduko dute galdetegia. Gazteak inkestan parte hartzera animatzeko eta esker oneko keinu gisa, partaideen artean Azkoitiko saltoki ezberdinetan kontsumitzeko erosketa bonoak zozketatuko dituzte: 200, 100 eta 50 euroko hiru bono, hain zuzen. Zozketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da datuak betetzerakoan telefono zenbakia jartzea. Gazteen Topaketa Galdetegia ez da gazteen iritzia jasotzeko erabiliko den bide bakarra. Izan eren, urtarrilaren 16an, asteartean, Gazteen Topaketa egingo dute Elkargunean, 18:00etan. 14 eta 24 urte bitartekoei zuzenduta egongo da saioa, eta etorkizuneko Azkoitiari buruz duten ikuspegia jorratuko dute bertan. Gazte bakoitzak bere ideiak eta proposamenak plazaratzeko aukera izango du topaketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide