Xabier Artetxek gidatuko du Anaitasunako gizonen lehen taldea

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urt. 9a, 20:26

Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den gizonen taldearen entrenatzailea izango da orain arte talde horretarako prestatzaile fisiko lanetan aritu den azkoitiarra. Anaitasunako Zuzendaritza batzordeak Artetxe hautatu du Igor Quindosek utzi berri duen posturako, gizonen lehen taldean eta klubean egin duen lana "aipagarria" izan delako.

Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidentea eta Xabier Artetxe entrenatzailea. (Anaitasuna) Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen lehen taldea Xabier Artetxe (Azkoitia, 1987) gidatuko du gaurtik aurrera. Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den gizonen taldearen entrenatzailea izango da orain arte talde horretarako prestatzaile fisiko lanetan aritu den azkoitiarra –gizonen lehen taldeko jokalari ere izan zen duela urte gutxi batzuetara arte–. Anaitasunako Zuzendaritza batzordeak Artetxe hautatu du Igor Quindosek utzi berri duen posturako, gizonen lehen taldean eta klubean egin duen lana "aipagarria" izan delako. Anaitasunak gaur arratsaldean aurkeztu du entrenatzaile berria Txerloia futbol zelaian. Egunotan hasiko da Artetxe lan saioak zuzentzen, eta datorren zapatuan egingo du taldearekin debuta Alavesen kontrako neurketan. Hirugarren Mailan ari da lehian gizonezkoen talde nagusia, iaz mailaz igo ondoren. Anaitasuna Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Espainiako Hirugarren Mailara igaro eta gero, gorrixek "hasiera txukuna" eman zioten denboraldiari, baina azken 11 jardunaldi partidarik irabazi gabe daramatzate, eta jaitsiera postuetan sartu da taldea. Anaitasunak gaur goizean jakinarazi du Quindosek ez duela taldea zuzentzen jarraituko. 2015etik izan da taldeko entrenatzaile Quindos, eta ordutik egin duen lanagatik eta erakutsi duen profesionaltasunagatik, konpromisoagatik eta dedikazioagatik eskerrak eman dizkio klubak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide