13,6 milioi euroko udal aurrekontu proposamena osatu du Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 19a, 09:48

Abenduaren 28an egingo dute aurrekontuak aztertzeko batzarra. TAOko bigarren fasea martxan jartzeko edota San Joseko igogailua egiteko diru partidak jaso dituzte, besteak beste

2018an San Joseko igogailua jartzea aurreikusten dute aurrekontuek. (Baleike) Urte amaierarekin batera, datorren urterako udal aurrekontuak prestatzen ari dira udal agintariak. Abenduaren 28an egingo dute 2018ko udal aurrekontuak aztertzeko eta onartzeko udalbatzarra. Batzarrean aurkeztuko duen proposamenaren berri eman du Udal Gobernuak (EAJk). 13.642.820 euroko udal aurrekontu proposamena da Udal Gobernuak plenora eramango duena. Iaz baino 675.781 euro gehiago aurreikusi dituzte. Hala, Gizarte Ongizatearen sailean, Nagusien behatokia izenburuko ekimen berriarentzat 55.000 euroko bideratzea aurreikusi dute. Programa horren helburua da Zumaian bizi diren pertsona nagusien egoeraren "azterketa sakona" egitea. Ildo beretik, adineko pertsonei zuzenduta Memoria Tailerra izeneko ekimena martxan jartzea proposatu du gobernu taldeak. Gazteei begira, Alokairu beka programarekin jarraitzea aurreikusi dute, 63.000 euroko diru partidarekin. Gazte on izeneko programa bultzatzea ere jaso dute udal kontuen proposamenean, "ikastetxeen eta udalaren arteko elkarlanaren bidez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin lotutako auzolanetan inplikatu eta sentsibilizatzeko". Hirugarren ekimen bat ere proposatu dute Udal Gobernukideek: Atorgune, aniztasun funtzionala duten lagunei zuzenduta. Helburua da asteburuko aisialdi talde bat sortu eta haientzat kultur edota kirol ekimen zein ekintzak garatzea. Hezkuntzari lotuta, 122.500 euroko diru partida jaso du Udal Gobernuak aurrekontu proposamenean: "Sagarbide eraikineko parkea egokitu eta hezkuntza publikoko gainerako eraikinetan hobekuntza lanak egiteko". Horrez gain, Zumaiako curriculuma garatzeko aurre lanak edota azterketa egiteko kontu saila ere jaso du proiektuak. Mugikortasuna Irisgarritasunari eta mugikortasunari lotuta, datorren urtean TAO sistemaren bigarren fasea martxan jartzeko 342.260 euroko diru partida bideratuko du. Irisgarritasun programa sortzeko asmoa ere azaldu du, 50.000 eurorekin. Zumaiako Irisgarritasun taldeak identifikatutako irisgarritasun arazoei eta beharrei erantzuna ematea dute helburu. Etxezarreta eremua herritartzeko proiektua idazteko kontu saila ere jaso dute, baita San Jose kaleko igogailu eraikitzekoa ere, "obrak 2018an hasi eta bukatzeko". Larretxon ere igogailua jarri ahal izateko proiektua idazteko beste diru partida bat ere jaso dute proposamenean. Inbertsioei dagokionez, Artadiko saneamendu sarea egitea eta Santiagoko hondartzaren eremukoa gauzatzeko proiektua idaztea proposatu du; baita Estazioko saneamendu sarea berritzeko eta Arritokietako ponpaketa sistema eta Juan Belmonte zein Ortiz kaleko ur hornidura sarea hobetzeko ere. Kirol arloan, 200.000 euro bideratuko dira Kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko, eta beste kontu sail bat jaso dute Mariantoneko kirol parkea 2018an estaltzeko. Datorren urtean bi lanpostu berri sortzeko asmoa ere azaldu du Udal Gobernuak: udaltzaingoan ofizial orde postua eta kontuhartzailetzan teknikari mailako postu berri bat, alegia. Ludotekan ere langile baten lanaldia luzatzea aurreikusi da, bereziki hizkuntzarekin arazoak dituzten haurrekin lan egiteko. Gainera, 844.692 euroko kontu saila bideratuko duudalak UKUEra (Urola Kostako Udal Elkartea). Horren bitartez, besteak beste, euskara, turismoa edota tokiko ekonomia eta enplegua indartu eta sustatzeko ekimen eta programa desberdinak garatuko dira herritarrentzat eta era berean hondakin bilketa sistema berria ere martxan jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide