Mikel Laskurain: “Aktoreok barreari eutsi ezinik egoten gara 'Jainko basatia' antzezlanean”

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 15a, 15:12

Txalo Produkzioak konpainiak ekoiztutako 'Jainko Basatia' antzezlana ikusi ahal izango da bihar,19:30ean, Baztartxo antzokian. Obrako kideen esanetan, "egoera dramatiko" bat da lanaren oinarria, baina umore kutsua eman diote gaiari.

(Argazkia: Azkoitiko Udala) Txalo Produkzioak konpainiak ekoiztutako Jainko Basatia antzezlana ikusi ahal izango da bihar, larunbata, 19:30ean, Baztartxo antzokian. Obraren nondik norakoak azaltzeko, Azkoitian izan dira gaur Xabier Agirre ekoizlea eta Mikel Laskurain aktorea. Haiek azaldu dutenez, "egoera dramatiko" bat da obraren oinarria, baina beraiek umore kutsua eman diote gaiari, eta "oso ondo funtzionatu du". Aktoreak hainbatetan "barreari eutsi ezinik" egoten direla aipatu du Laskurainek. Antzezlanak kontatzen duen istorioa ere izan du mintzagai aktoreak: "Bi umek borrokan egiten dute elkarrekin, eta haien gurasoak, formalak eta ondo heziak, elkartzen dira bakeak nola egin hitz egiteko. Baina gauza korapilatzen joaten da eta azkenean, bakoitzak bere semea defendatzen baitu. Pixkanaka, berotzen joango da giroa, sekulako iskanbila sortuko da, eta oso modu komikoan bukatzen da obra". Agirreren esanetan, egoera horren aurrean, "ikuslea identifikatuta sentituko da, oso egoera errealista delako". Jainko basatia mundu osoan ezaguna da, Agirreren arabera. "Zinean ospe handia izan du. Testua Jasmina Reza autore frantsesarena da, eta Espainian ere eraman dute antzerkira. Horregatik, euskarara egokitzeko oso egokia iruditu zitzaigun". Laskurainekin batera agertokian izango dira bihar Aitziber Garmendia, Mikel Losada eta Tessa Andonegi, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Obra urtarrilean Durangon (Bizkaia) estreinatu zuten, eta ordutik hainbat antzokitatik igaro da.  Antzezlana ikustera joaten denak "oso ondo" pasatuko duela ziurtatu dute Agirrek eta Laskurainek. Ordu aldaketa Agirrek eta Laskurainek Sonia Vazquez Kultura zinegotzia izan dute gaur ondoan, antzezlanaz hitz egiterakoan. Vazquezek azaldu du aldaketa bat egin dutela obraren ordutegian. "Orain arte, antzezlanak 22:00etan izaten ziren; biharkoa, ordea, 19:30ean izango da, ordu egokiagoa iruditzen zaigulako antzokia betetzeko eta ikusleei hobeto etorriko zaielakoan". Ordubete eta hogei minutu ingurukoa da Jainko Basatia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide