Azaroaren 20an hasi zituen lanak Azkoitiko Udalak. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak "pazientzia" eskatu die herritarrei egunotan Azkoitiko kaleetan egiten ari diren asfaltatze eta pintaketa lanek eragin ditzaketen eragozpenak direla eta. Udalaren arabera, Hirigintza Saila "eskura dituen neurri guztiak hartzen ari da trabak murrizteko". Eguraldi txarrak eraginda, lanak apur bat beranduago hasi dituzte, eta aurreikusitako lan plangintza egokitu egin behar izan dute. Horrek, zenbait kasutan, "hasieran pentsatzen zena baino traba gehiago sortu dizkie bizilagunei".
Herriko hamabi gunetako asfaltatze eta pintaketa lanei azaroaren 20an ekin zien udalak, abenduaren 14rako bukatuta izango zirelakoan. Eguraldi txarrak, ordea, egun batzuetako atzerapena ekarriko du. Orain arteko lanak Espiritu Santua kalean, Ubaiar auzunean, Garate Etxera eramaten duen bidean, Santa Klaran eta Axiriko aparkalekuan egin dituzte. Aste honetan Xabier Munibe kalean aritu dira lanean.
Aingeru, Izarraitz, Joakin Egia eta Julio Urkixo kaleak eta Jausoro auzoan obrak egiteko daude oraindik. Behin asfaltatze lanak bukatutakoan, hainbat kaletako zebrabideak berrituko dituzte.
Zoladuraren eta lurrean pintatutako seinaleen egoeraren arabera, kale osoan edo tarte jakinetan egingo dituzte lanak. Edonola ere, zoladura jarriko den azaleraren dimentsioa "esanguratsua" da, udalaren arabera. Lanen kostua 249.892 eurokoa da.