Ekitaldiz beteta dator bihar hasiko den XVI. Klarinete Maratoia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 12a, 09:36

70 ikasle inguruk eman dute izena Carlos Casado klarinete jotzaile valentziarraren klaseetan parte hartzeko. Igande iluntzera bitarterako sei kontzertu antolatu dituzte

Klarinete jotzaile gazteei zuzenduta dago arrakasta handia duen laukoteen kontzertu lehiaketa.(J.L.R) Euskal klarinete munduaren elkargunea izango da Zumaia aste honetan. Bihar hasi eta igande iluntzera bitartean XVI. Klarinete Maratoia egingo da, aurten ere, Sapere Aude Sinfonietta taldeak antolatuta. Egun horietan klaseak, kontzertuak eta musika klarinetearekin lotutako beste zenbait ekintza egingo dute. Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako klarinete jotzaileak izango dira Zumaian bihartik aurrera. Izena eman duten ikasleak 70 inguru izan direla azaldu du Marixi Sesma Sapere Aude Sinfoniettako kide eta Klarinete Maratoiko sortzaile taldekoak. "Ikasle horiei irakasleak eta osteguneko pintxo-potean joko duten Zumaiako Musika Bandako kideak gehitzen bazaizkie, guztira, 90 bat lagun izango gara". Aurten ere, hutsik egingo ez duena, Carlos Casado klarinete jotzaile valentziarra izango da. Aurreko hamabost urteetan bezala, XVI. maratoi honetan ere klaseak berak emango ditu, kontzertuetan parte hartzeaz gain. Casado bera da hainbat ikasle Zumaiara etortzearen arrazoia. Espainiako Orkestrako kide den horrek banakako klaseak ematen ditu, eta taldekoak ere gainbegiratuko ditu. Ez hori bakarrik. Laster grabatuko duen disko bateko errepertorioa joko du igande arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan izango den kontzertuan. Emanaldi berezia izango da hori, musikaz gain, kontakizunek ere bere protagonismoa izango dutelako. Urtetik urtera indarra hartzen joan den ekitaldia gaztetxoei zuzendutako klarinete laukoteen kontzertu-lehiaketa da. Iazko parte hartzaile kopuru bera izango da aurten: hamahiru laukote. Batzuek errepikatu egingo dute, baina badira lehen aldiz Zumaian joko duten laukoteak ere. Kontzertu horiez gain, beste lau emanaldi izango dira igandera arte. Aipagarria da ostiral iluntzean irakasleek osatutako Klarinet.eus ensembleak komentuan emango duen saioa.
KONTZERTUAK - Bihar, asteazkena 19:00. Klarinete Maratoiko XVI. edizioaren zabaltze kontzertua, Euskal Herriko hainbat musika eskoletako eta kontserbatorioetako ikasleen eskutik, Komentuan. - Etzi, osteguna 20:00. Pintxo-pote musikala. Valentin Manterola’s Studi, Mari kalean. - Abenduak 15, ostirala 19:30. Klarinet.eus taldearen kontzertua. Euskal Herriko musika eskoletako eta kontserbatorioetako irakasleez osatutako ensemblea, Komentuan. - Abenduak 16, larunbata 18:00. Klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa, Komentuan. - Abenduak 17, igandea 13:00. Maratoiko ikasleen kontzertua, Maria eta Jose ikastetxeko areto nagusian. 19:00. Chamber music, Ganbara musika kontzertua. Honako egitaraua izango du: Dante dances (Dan Welcher), Fantasy-sonata (John Ireland), Le Toumbeau du Ravel (Arthur Benjamin), Fantasy trio (Robert Muckzynski) eta abar. Interpreteak: Natalia Diez (txeloa), F. Damian Hernandez (pianoa), eta Carlos Casado eta Marixi Sesma (klarineteak). Oxford aretoan izango da aurtengo Klarinete Maratoiaren bukaerako kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide