Datorren larunbatekoa "egun historikoa" izango delakoan daude Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta eta Iraurgi Saskibaloi Taldeko zuzendari Jose Luis Zubizarreta. Izan ere, Sammic ISBk Iberostar Palmaren aurka jokatuko du Urrezko LEB ligako partida Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan hasita. Partida hori jokatzea ahalbidetzeko hainbat aldaketa egin ditu udalak kantxan, eta aurrerantzean Azpeitian nahiz Azkoitian jokatuko ditu etxeko partidak Sammic ISBk.
Azkoitiko Udalak, besteak beste, Espainiako Saskibaloi Federazioak homologatutako saskiak jarri ditu kiroldegian, eta kantxa margotu eta markagailua egokitu ere bai. "Saskibaloi kantxan egindako aldaketei esker, Urrezko LEB ligako partidak bi herrietan jokatuko dira", azaldu du Azkoitiko alkateak. Javier Zubizarretak esan du "ikuskizuna" izango dela zapatuko neurketa.
ISBko zuzendariak jakinarazi du lehen taldeko mutilak Azkoitira eramateko "borrokan" aritu direla: "Guk bi gune desberdin nahi ditugu partidak jokatzeko. Orain arte, Azkotitik Azpeitira joaten ibiltzen ziren, eta iritsi da irits zedin nahi genuen eguna. Hala ere, egun hau iritsiko zela bagenekien, baina ez genuen pentsatzen egoera honetan iritsiko ginenik eta Iberostar Palma bezalako talde baten kontra jokatuko genuenik".
Sammic taldearentzat eta ISBrentzat larunbateko partida "garrantzitsua eta historikoa" izango dela esan du Zubizarretak. "Gure leloa Urrea gara zen, eta orain Urrea izaten jarraitzen dugu da. Lehen lau partidetatik hiru irabazi egin genituen, eta horrek errealitatea desitxuratu digu. Mailari eustea kostatu egingo zaigu, eta benetan egin beharko dugu borroka". Horri lotuta, helburua lortzeko gako gisa zaleen berotasuna aipatu du Zubizarretak. Partida hasi aurretik Azkoitian saskibaloiko talde desberdinetan jokatu duten herritarrek omenaldia jasoko dute kantxan. Izan ere, ISB sortu aurretik hainbat talde aritu zen Azkoitian saskibaloian jokatzen. "Anaitasuna Illarra hasi zenetik jende asko ibili da, eta aitorpen bat egin nahi diegu ordutik hona lanean aritu direnei, batzuk hasi eta beste batzuk jarraitu dutelako baikaude gu hemen", azaldu du Zubizarretak. Autobusak Azpeititik ISBk autobusak jarriko ditu larunbateko partidara joateko. Hain zuzen ere, 17:00etan eta 17:30ean aterako dira anbulatorioaren aurretik. Autobusean joan nahi dutenek bazkide txartela edo partidarako sarrera erakutsi beharko dute. Momentuz, zapatuko partidarako soilik jarriko dute autobusa, aurrera begira gehiago antolatzeko, jendearen erantzuna zer-nolakoa den ikusi egin behar duelako ISBk. Partidarako sarrerak, berriz, bost euroren trukean eskuratu ahal izango dira bihar iluntzera bitartean Azkoitiko Zurt tabernan. Zapatuan, berriz, 10 euroren trukean salduko dituzte.