Gabonetarako opariak jasotzeko kanpaina martxan jarri du Azkoitiko Espetxe Pastoraltzak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 5a, 17:38

Abenduaren 15a arte egingo dute Martutenen preso daudenentzako opari bilketa, parrokian.

Azkoitiko Espetxe Pastoraltzak aurten ere martxan jarri du Gabonetako kanpaina, Martutenen preso daudenentzat opariak jasotzeko helburuarekin. "Donostiako Elizbarrutiko Espetxe Pastoraltzak eta honen barne Azkoitikoak Gabonen poza eman nahi die espetxean dauden pertsona guztiei. Jainkoak maite gaituela sentitzeak ematen duen poza dugu Gabonetako pozaren jatorri. Horretarako, opari txiki batzuk eman nahi dizkiegu, bakarrik ez daudela eta Jainkoak ez dituela ahaztu gogoratzeko", azaldu dute kanpainaren sustatzaileek. Preso dauden pertsonek "gehien behar" dituzten gaien zerrenda bat ere egin dute, kanpainan parte hartu nahi dutenek nola lagundu jakin dezaten. Barruko arropa berria (mauka motza, gizon- emakumeena), bainuko oinetakoak (41 eta 44 zenbakien artekoak), kirol oinetakoak (41-44 gizonezkoentzat, 37-40 emakumezkoentzat), galtzerdiak, azazkalak moztekoak, turroi biguna eta plastikozko boligrafoak dira eskaera nagusiak, baina tabako gorria, metxeroak, pila txikiak, gutun-azalak eta seiluak, eta txandalaren galtzak eta kirol jertseak ere ondo hartuko dituzte. Abenduaren 15a arte egingo dute oparien bilketa, parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide