Iazko erakusleiho irabazleetako bat. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udaleko Merkataritza departamenduak eta Herrixen Azkoitiko dendarien elkarteak, Gabonak bultzatu nahian, Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute beste urte batez herriko saltokien artean. Sariak Herrixen elkarteko bonoetan banatuko dituzte, eta ez dirutan. Irabazleak 350 euroko bonoa eskuratuko du; bigarren sailkatuak, 250 eurokoa; eta hirugarrenak, 150 eurokoa. Horrez gain, herritarren saria jasoko du beste erakuslehio batek; horretarako, txapelketan parte hartuko duten dendetan kutxa bat jarriko dute jendeak botoa eman dezan. Kutxa horiek abenduaren 21ean jasoko dituzte.
Azkoitiko Udaleko Merkataritza departamenduak eta Herrixen elkarteko kideek izendatutako pertsonek osatuko dute epaimahaia, eta haiek hartuko dute erabakia. Hainbat gauza izango dituzte erabakia hartzerakoan: erakusleihoaren aurkezpena –erabiliko den materiala, birziklatzea, eskulana, originaltasuna...–, produktuak ahalik eta era erakargarrienean erakustea, Gabonetako giroa islatzea, eguneko eta gaueko itxura ere baloratuko da...
Abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra bitartean izan beharko dute ikusgai Gabonetako erakusleihoek, eta parte hartu nahi dutenek, abenduaren 12ko 18:00ak arte izango dute horretarako aukera. Udaletxeko harrera bulegoan, Herrixenen bulegoan –Kultur Etxeko lehen solairuan– edo
herrixen@hotmail.com helbidean. Abenduaren 23an jakinaraziko dituzte sarituen izenak, 13:30ean, Torre Zuri erakustokian. Parte hartuko duten merkatariei beratara azaltzeko deia egin die udalak.
Gazteen parte hartzea sustatzeko, lehiaketan parte hartuko duten Herrixen elkarteko bazkide diren saltokien arteko lehiaketa egingo du Herrixen elkarteak Facebook bidez, eta elkarte horren otarrea izango da saritan. Horrez gain, lehiaketan botoa ematen duten herritarren artean –Facebook bidez edo kutxetan–, Herrixenek 50 euroko bonoa zozketatuko du.