Minbizia duten gaixoei laguntzeko Zumba saioa egingo dute igandean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko aza. 29a, 10:04

AECC Gipuzkoa elkartearen aldeko ‘masterclass’ bat egingo da Lubakin. Leku desberdinetatik etorritako irakasleak izango dira. Ikusle bezala ere laguntza emateko aukera egongo da

Jhonson eta Josune De Miguel (erdian) Gipuzkoako AECC elkarteko kideekin. (Sara Utrera) Zumba saioek harrera bikaina izaten dute herritarren artean. Dantza eta kirola uztartzen dituen jarduera horrek jende kopuru handia mugitzen du. Igande honetan Gipuzkoa osotik etorritako parte hartzaileak izango dira Lubaki kiroldegian antolatu duten masterclassean. Jardueraren parte hartzea areagotu egiten da gaixotasun baten aurkako borrokarekin bat egiten duenean. Izan ere, igandeko ekintza minbizia duten gaixoei eta familiartekoei laguntza ematen dien Gipuzkoako AECC elkartearen aldekoa izango da. Bigarren urtez jarraian antolatu dute Jhonson eta Josunek erakunde honen aldeko Zumba saioa. "Beraien ideia izan zen", azaldu du Gipuzkoako AECC elkarteko kide batek. "Iaz abian jarri zen eta aurten errepikatu egingo da", gaineratu du. "Edozeini laguntzeko prest gaude gu. Azken finean, herri honetan bizi gara eta herriko parte gara", azpimarratu du Jhonson eta Josune elkarteko Jhonsonek. 11:00etatik 13:00etara bitartean egingo dute zumba saioa igandean, eta leku desberdinetatik etorritako irakasleak izango dira. "Guztira, hamasei irakasle izango dira, batzuk Zumban ariko dira eta beste batzuk Shaka Dance-n", adierazi du Josune De Miguelek. Hip hop, funky, afro eta dancehall uztartzen dituen jarduera da hori. Igandeko jardueran parte hartzeko 634 43 88 87 edo 943-13 32 36 (Gipuzkoako AECC) telefonoetara deitu daiteke, edo irakasleekin harremanetan jarri. Aurrez izena ematen duten helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 5 euro. Egunean bertan izena ematen duten helduek 15 euro ordaindu behar dute eta umeek 5 euro. Gehienez, 300 lagunentzako lekua izango da. Ikusle bezala ere bai Goizean zehar Lubakiko harmailak zabalik egongo dira jarduera ikustera joan nahi dutenentzat. Horiek hala nahi izanez gero, laguntzako aukera ere izango dute, AECCko kideek azaldu dutenez. Ekintza hauen bitartez biltzen den diruari esker elkartek bultzatzen dituen proiektuak doan izaten jarraitzen dute. "Hau bezalako jarduerengatik ez balitz, ezingo genuke familia guztiengana heldu. Diru laguntza hauei esker ikerkuntza ere sustatzen dugu eta denok dakigu zer garestia den ikerkuntza honelako kasuetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide