Instalakuntza Duinak Orain! taldeak sinadura bilketa hasiko du asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 24a, 14:51

Astelehenean, Azkoitiko udal taldeekin bilera egin zuen igerileku duin baten aldeko taldeak, eta, bileran, udal talde guztiek onartu zuten "zerbait egin beharra" dagoela. Dena den, taldeak ez ditu lortu nahi dituen berme guztiak, eta sinadura bilketa hasiko du herritarren babesa lortzeko.

(Asteazkeneko bilera. Argazkia: Instalakuntza Duinak Orain!) Joan den asteazkenean, azaroak 22, Instalakuntza Duinak Orain! taldeko partaideek bilera egin zuten, etorkizunera begira emango dituzten pausoak zehazteko eta martxan jartzeko asmoz. Bestalde, astelehenean, azaroak 20, Azkoitiko udal taldeekin elkartu ziren azken hilabeteetan osatu duten informazio txostena aurkezteko. Bilera horretan, Azkoitiko herritarrentzat instalazio duinak sortzeko ideia aho batez onartu zuten; hau da, udal talde guztiek onartu zuten "zerbait egin beharra dagoela". Dena den, Instalakuntza Duinak Orain! taldeak ez zituen lortu nahi zituen berme guztiak bilera horretan. Izan ere, datorren urteko aurrekontuetan udalak partida bat jartzea nahi du taldeak, herrian ikerketa sozioekonomiko bat egiteko, eta taldeak jakinarazi duenez, "udalak ez du zehaztu zer eta noiz egingo duen arazoari konponbidea emateko". Horren aurrean, herritarren babesa lortu nahian, sinadura bilketa jarriko dute martxan asteburu honetan. Sinadura bilketaren helburua da "azkoitiarren beharretara egokitutako igerileku duin bat lortzea", aurretik azterketa sozioekonomikoa eginda. "Herriak ekimen hau babesten duela erakutsi nahi dugu, eta, horretarako, herritarren laguntza behar dugu". Azkoitiar oro dokumentua sinatzera animatu nahi du taldeak, igerilekuko egoeraren berri ematearekin batera. Hurrengo egunetan kalera irtengo dira, eta bertan izango dute herritarrek sinatzeko nahiz gainerako ekarpenak egiteko aukera. "Beti esaten dugun legez, herritarrekin eta herritarrentzat egingo dugu lan", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide