Argazkia Gorrixekin egitasmoaren bigarren hitzordua jarri du Anaitasunak, Sestao Riverrren kontrako partidan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 13a, 18:25

3 eta 12 urte bitarteko neskek eta mutilek Hirugarren Mailako jokalariei eskua emanda zelaira irteteko aukera izango dute. E-postaz mezua bidali behar da izena emateko, ostiraleko 15:00ak baino lehen.

Anaitasuna futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Sestao River hartuko du zapatuan Txerloian, 17:00etan. Bizkaiko talde historikoaren bisita baliatuta, Argazkia Gorrixekin egitasmoari jarraipena ematea erabaki dute Azkoitikoek. Urriaren 7an, Basconiaren kontrako partidan gauzatu zuten estreinako aldiz aurten martxan jarri duten egitasmoa. Sestao Riverren kontrakoan, 3 eta 12 urte bitarteko neskek eta mutilek Hirugarren Mailako jokalariei eskua emanda zelaira irteteko aukera izango dute.

Parte hartu nahi duten umeen etxekoek aurrez eman behar dute izena: haurraren izena, bi abizenak eta adina zehaztuz idatzi behar dute argazkiagorrixekin@gmail.com e-posta helbidera, ostiraleko 15:00ak baino lehen.

Izena emandako neska-mutil guztien artean zozketa egingo du klubak, eta izena emateko epea itxi bezain laster jakinaraziko du zein hamaika umek izango duten argazkia ateratzeko aukera. Partida amaitutakoan, berriz, izenak emateko jasotako helbide elektronikoetara bidaliko ditu argazki guztiak, doan. Argazkia ateratzeko, hori bai, beharrezkoa izango da Anaitasunako kamiseta gorria jantzita izatea.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide