Aldundiak eta Azkoitiko Udalak hitzarmena sinatu dute Elkargunean hobekuntzak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 13a, 18:12

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Denis Itxasok lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Akordioaren arabera, udalak 44.957,38 euroko diru laguntza jasoko du kirol azpiegiturak hobetzeko.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Denis Itxasok lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean 2017-2020 urteen artean kirol azpiegiturak eraldatzeko, berritzeko, lekuz aldatzeko eta ordezkatzeko, Foru Aldundiak martxan duen lau urteko planaren barruan. Diputazioaren arabera, oraingo eraikineko instalazioak "zaharkituta geratu dira eta ez dira nahikoa erabiltzen dituzten kolektibo guztien eskariari erantzuteko". Itxasok Aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarez izan du ondoan hitzarmena sinatzerakoan. Akordioaren arabera, aldundiak 44.957,38 euroko diru laguntza emango dio udalari jada exekutatu diren edo exekuzio fasean dauden hobekuntzetarako. Batetik, Ibai-Ondo kaletik kiroldegiko pistara arranpa bat eraiki dute zama lanetarako. Bestetik, Elkarguneko sarrera nagusian eta ondoko ateetan kristalezko estaldurak ipini dituzte erabiltzaileek aterpe gunea izan dezaten. Eta, azkenik, kiroldegiko sarrera zaharreko kanpoaldeko eta barrualdeko ateak aldatuko dituzte; izuaren aurkako barrak izango dituzte ate berriek sarrera-irteerak errazteko. Aipatutako hobekuntzen kostuaren %50 ordainduko da aldundiaren laguntzaren bidez. Udaleko eta aldundiko ordezkariek elkarrekin Elkarguneko instalazioak bisitatzeko aprobetxatu dute goiza. Aldundiak zein udalak "positiboki" baloratu dute elkarlana. "Gure asmoa da pertsona guztiek instalazio egokiak eskura izatea, kirol edo aisialdiko jarduerak praktika ditzaten eta, finean, beren bizi kalitatea hobetu dadin", adierazi du Itxasok. Beste hainbat hobekuntza Foru Aldundiaren laguntza jasoko duten hobekuntzak ez dira egingo dituzten bakarrak izango. Udalak beste 30.000 euro jarri ditu rokodromo berria jartzeko. Gainera, langileak hasita daude jada saskibaloi kantxan homologatutako saskiak jartzen. Saski horiek maila goreneko partidak jolasteko aukera ematen dute. Horrekin batera, lurra margotu eta markagailuan aldaketak egingo dituzte, –jokalari bakoitzaren dortsala agertuko da markagailuan partida jarraitzeko–. Lan horiek 36.441,43 euro kostatuko dira. Elkargunean egin den beste hobekuntzetako bat ur hornidurari dagokiona da. Berez, erabiltzaile guztientzat ur beroa ekoizteko gai da instalazioa, baina une jakin batzuetan, dutxetan erabiltzaile kopurua handia biltzen zenean, ur beroa murriztu egiten zen. Horri konponbidea emateko, bigarren ur biltegi bat jarri dute; 441 litroko ahalmena du biltegi berriak eta 13.760, 11 euroko aurrekontua. Hona hemen gaur sinatutako akordioaren eta Elkarguneko hobekuntzen irudiak: [flickr_set id="72157687322745432"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide