Bizilagunak ekimeneko bazkariak azaroaren 19an egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko aza. 9a, 11:57

Kanpotik Zumaiara joandako pertsonak eta familiak bertakoekin elkartuko dira otordu baten bueltan. Elkar ezagutzea du helburu hainbat herritan egiten den egitasmoak

Kristina Vicente zinegotzia, antolatzaileak eta bazkarietan parte hartuko duten zenbait familia, ekimenaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet) Alboko etxean biziko dira, baina, askotan, gehiegitan, ezezagunak dira. Atarian topo egindakoan, agian, edo agian ez, kasu egingo diote elkarri, baina hortik ez dira pasatuko. Jarrera horiekin hausteko eta elkar ezagutzeko, Bizilagunak izeneko ekimena jarri zuen martxan SOS Arrazakeria elkarteak orain bost urte, gizarte mailan mugitzen diren beste elkarte batzuekin elkarlanean. Bertakoak eta edozein arrazoi tarteko, Zumaiara etorritako familiak bazkari baten bueltan biltzea du egitasmoak helburu; jatordu bat partekatu, hitz egin eta elkar ezagutuz. Aurten, azaroaren 19an egingo dira bazkariak hainbat herritan. Zumaian hirugarren urtez antolatu dira era honetako otorduak; Anitzen Sareak, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean bideratu ditu. Pixkanaka, urtez urte, bazkarietan parte hartu duen familia kopurua handitzen joan da, hori nabarmendu zuten atzo ekimenaren bultzatzaileek Alondegian egindako agerraldian. «Iaz hamahiru bazkari egin ziren eta, aurten, oraingoz, hamar ditugu hitzartuta», adierazi zuen Anitzen Sareko kide Ixabel Dorronsorok. Izena emateko epea oraindik zabalik dago eta bertako, nahiz kanpoko familia batek bazkarietako batean parte hartu nahiko balu anitzensareazumaia@gmail.com helbidera idaztea besterik ez du. Izena emateko epea bihar itxiko dute. Esperientzia ona Aurreko urteetan era honetako bazkarietan parte hartu zutenek balorazio ona egin dute. "Jendea gustura egoten da, eta errepikatu egiten du", adierazi zuen atzo agerraldian aurreko bi urteetan parte hartu zuen batek. Izena eman duten beste batzuk lehenengo aldiz parte hartuko dute. "Iaz alabak hartu zuen parte eta aurten guk ere bai; alde batetik beragatik, baina, bestetik gustatuko zaigulakoan", azaldu zuen beste batek. Bazkarietan elkarren bizimoduaren berri jakiteko aukera izaten da, baita harremanak estutzeko modua ere. "Aurreko bi bazkarietan ezagutu genituen familiekin harremanak ditugu oraindik", aipatu zuen Dorronsorok. "Gure kasuan harreman oso polita sortu da, eta beraien umea bataiatu zutenean gonbidatu egin gintuzten", azpimarratu zuen aurrez ere bazkarietako batean parte hartutako zumaiar batek. Ginea, Senegal, Maroko, Nikaragua, Argentina, Errusia...Jatorri askotakoak dira orain arteko otorduetan parte hartu duten familiak. Kasu askotan, kultura erabat desberdinekoak dira eta antolatzaileek aurrez hitz egiten dute familiekin. "Lehenbizi galdetzen diegu ea gonbidatuak edo gonbidatzaileak izan nahi dituzten. Gero, toki bakoitzean zein familia elkartuko diren jakindakoan, beraiek harremanetan jartzen dira jatordua erabakitzeko". Otorduak hilaren 19an, 14:00etan izango dira, "ahal bada etxeetan, eta, bestela, elkarteetan edo txokoetan". Bazkaltzera joan aurretik, 13:00etan, Gurrutxaga plazan elkartuko dira parte hartzaile guztiak argazkia ateratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide