Balea Zuria argitaletxea sortu berri du Felipe Juaristi idazle azkoitiarrak, Juan Ramon Makusorekin, Pello Otxotekorekin eta Aritz Gorrotxategirekin batera. Lantaldean bada beste kide bat ere: Imanol Larrinaga irudigilea. Balea Beltza osatzen duten kideek hainbat lan idatzi dituzte, eta Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak ere antolatu izan dituzte. Orain, baina, elkarlanean beste urrats bat egin dute argitaletxe berria martxan jarrita. Luis Garderen Barbaroak baratzean da argitaletxeak kaleratuko duen lehen liburua, eta ostiralean aurkeztuko dute Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukea aretoan.
Balea Zuriak poesia eta saikera literario motzak argitaratuko ditu, eta poeta berriei lanak argitaratzeko aukera ematea ere badute helburuen artean. Gainera, uste dute poesia irakurleak sortzeko beharrezkoa dela poesiarako marko berria sortzea. Liburuak argitaratzeaz gain, Donostia Kulturarekin elkarlanean, DK poesia lehiaketa jarri du martxan argitaletxeak. Lehiaketa hori 35 urtetik beherako idazleei zuzendutakoa da; izan ere, olerkari gazteak inguratzea du xede haren sustatzaileek.